Carrefourri boikota egiten jarraitzeko eskatu du Euskal Herriko BDZ-k
Larunbatean –hilak 15– izango da elkarretaratzea Lintziringo Carrefourren, baina Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Erandion ere egingo dira boikotaren aldeko aldarriak.

BDZ Donostiak larunbatean –hilak 15– Carrefourren aurka ekintza egingo duela jakinarazi du, eta gehitu du abenduan egin zen kanpainaren jarraipena izango dela. Ekintza “konforme ez gaudela” adierazteko egingo dute, baina, boikotaren nondik norakoak xehetasunez azaltzeko denboran jauzia egin dute.
2005. urtea ekarri dute gogora lehenbizi. Horrela dio oharrak. “2005ean aldarrikatu zuen palestinar gizarteak Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpaina Israelen politika suntsitzaileen aurka eta palestinarren eskubideen defentsan. Geroztik, Israelen apartheid eta kolonizazio sistemaren eragile edo konplize diren hainbat enpresa eta erakunderen salaketa etengabean dihardu BDS kanpainak. Helburua da, nola ez, salatutako eragile horiek sentitzea boikot helburu direla, genozidio baten eragile edo konplize direla, eta ez dugula onartzen haien harrera. Gure jarrera: boikota horiei guztiei”.
Gero, 2022ko gertakariak gogorarazi dituzte. Ildo horretatik, Carrefour talde frantziarrak Israelgo Electra Consumer Products enpresarekin frankizia elkarte bat osatu zuela azaldu dute. “Alta, Electra Consumer enpresak parte hartzen du Zisjordaniako legez kanpoko kokaleku kolonialetan, eta haren bidez Carrefour markako produktuak zabaltzen ditu. Halaber, Carrefourrek baimena eman dio Electra Consumerri bere markako produktu batzuk Israelen ekoizteko eta Carrefour markarekin merkaturatzeko”.
Era berean, mahai gaineratu dute “Carrefourren filiala den Carrefour-Israel markak Gazako genozidioan parte hartzen ari diren soldadu israeldarrei pakete pertsonalak oparitu dizkiela sostengu gisara”.
Ondorioz, BDZ kanpaina zuzentzen duen Palestinako Batzorde Nazionalak Carrefour Taldeari boikota egiteko eskatu du Israelgo Electra Consumer Product-ekin duen frankizia hitzarmena amaitu eta Carrefourrek mundu osoan dituen milaka supermerkatu eta denetan Palestinako lurralde okupatuetan Israelek legez kanpo dituen kokalekuetan ekoitzitako produktuen salmenta guztiak bertan behera utzi arte.
Lintziringo Carrefourren 12:00etan izango da elkarretaratzea boikotaren aldeko aldarria egiteko. Alabaina, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Erandion ere egin dute deialdia.