Ibilgailuek eska dezakete hobaria trakzio mekanikoko zergan
C02 isuri baxuko ibilgailuak dira hobaria eska dezaketenak; hilaren 28ra arte dute horretarako epea. Iaz 43 ibilgailuri aplikatu zitzaion beherapena.
Duela urte batzuk onartu zuen Oiartzungo Udalak kutsadura baxua sortzen duten ibilgailuentzat trakzio mekanikoko zergan hobariak izatea, eta aurtengoan ere ez da gutxiagorako izango. Izan ere, Co2 isuri baxuenak dituztenak gehiago saritzeko, udalak deskontuak ibilgailuen motorren eta ezaugarrien zein horiek ingurugiroan duten eraginaren arabera mailakatu ditu 2025eko Zerga Ordenantzan.
Kilometro bakoitzeko 80 C02 gramo baino gutxiago isurtzen duten ibilgailuek %50eko hobaria izango dute aurrerantzean; 110 gramo artekoek %40ekoa, eta, 120 gramo artekoek %25ekoa, betiere lehen matrikulazio datatik bost urte igaro ez badira.
Halaber, familia ugariek ere beherapena izango dute zergan, baina horretarako honako ezaugarriak bete behar dituzte: etxebizitzak 220.000 euro baino gutxiagoko balio katastrala izatea edo 70.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak izatea. Familia ugariko kideek ere eskaera hila amaitu aurretik egin behar dute.
Iaz herriko 43 ibilgailuri aplikatu zitzaion trakzio mekanikoko zergan hobari hori. Udalak gutun bat bidali du etxeetara zergaren berri emanez, eta bertan adierazten den moduan, hobarien baldintzak egokitu dituztela eta, orain arte onuradun izan direnek ere eskaera aurkeztu beharko dute. Hori, betiere, baldintzak betetzen jarraitzen badute. Horretarako azken eguna hilaren 28a izango da, eta eskaera udaleko arreta zerbitzuan edo online egin behar da.
Orain arte hobaririk jaso ez duten ibilgailu berriek ere hila bukatu aurretik aurkeztu beharko dute eskaera.
