'Kosmetikoak sendabelarrekin' hitzaldia, Garbiñe Larrearen eskutik
Hitzaldiari izena ematen dion liburua idatzi du Larreak, eta orain, liburuaren aurkezpenak eta ikastaroak ari da ematen. Hilaren 19an da Oiartzungo hitzordua.
Garbiñe Larrea 'Kosmetikoak sendabelarrekin' libururarekin. Dani Blanco. Argia. Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua idatzi du, eta, aurkezpenaren ondotik, haren inguruko hitzaldiak eta tailer praktikoak ari da ematen zenbait lekutan. Laster, Oiartzunen txanda izango da. Hilaren 19an izango da Larrearen saioa Labore Oarson, 18:00etan, eta hitzordua doakoa izango bada ere, aurrez izena ematea beharrezkoa da.
Larreak kontatu duenez, ez zaio gustatzen soilik liburuaren inguruan hitz egitea, “praktikara jotzea gustatzen zait liburua horretarako delako. Ez da denbora pasarako sortutako literatur liburu bat”. Hortaz, proposamen praktiko bat landuko du hitzaldiaren zati batean, eta zehazki krema hidratatzaile bat nola egin erakutsiko du irudi bidez eta pausoz pauso. “Hautatutako errezetak, gainera, nire zenbait ideia laburbiltzen ditu”, jarraitu du.
Bestalde, azpimarratu du bere planteamendua dela sendabelarrak eta lehengaiak jatorri ekologikokoak izatea; “50-60. hamarkadetan sortu zen kosmetika eredu industrialaren kritika egin behar da”, amaitu du.
