Erabilerara jauzia egiteko egunak, Euskaraldiarekin
Laugarren Euskaraldia mamiz eta izaeraz beteko duen herri batzordeak esku artean dituenak aurkeztu ditu, lehentasun garbi batekin: hizkuntza ohituretan eragitea.

Astearte arratsaldean aurkeztu zen herriaren aurrean laugarren Euskaraldia Lezon dinamizatuko duen batzordea. Nola bestela, plazan. Euskararen erabileraren alde egitea erdigunean jarri dutelako batzordekideek, eta hori, herriaren erdialdetik hasi eta auzoetara eramateko prest azaldu dira. «Elkar mugituz egingo dugu lelopean elkartu gara herriko hainbat eragile, norbanako, nahiz udala, eta sortu dugu Euskaraldiaren batzordea. Lezok ere, lezoarrok ere aukera izango dugu/duzue euskara zuen/gure komunikatzeko eguneroko tresna bilakatzeko», esan zuten hitza hartu zutenek.
Maiatzaren 15etik 25era izango da laugarren Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ematen duen ariketa nazional erraldoia. Udaberriarekin iritsiko da, beraz, larrialdi linguistikotik erabilerara jauzi egiteko baliabidea, ahobizi eta belarriprest rolen bitartez. «Badator Lezo euskaragarriagoa egiteko ariketa praktikoa. Badator herritarrak euskarahalduntzeko eta euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala». Hala, astearteko aurkezpenaren ondotik, beste data baten berri eman zuten: martxoaren 11n ezagutaraziko dituzte herrian Euskaraldiaren aurpegi izango diren hamaikakoaren kideak, Euskaraldiaren 11 egunetan berebiziko lanaldia izango dutenak.
«Lezoko bazter guztietara iritsi nahi dugu, soto, kale, lantegi, eta gune guztietara. Herritar guztiengana», Gainera, Euskaraldia bitarteko egun horiek edukiekin eta ekintzekin osatu nahi dituztela zehaztu zuten batzordeko kideek: «Egun horiek ez dira 1+1; ez dira bi, 11 baizik. Hamaika aukera, hamaika harreman, hamaika hitz, hamaika ekintza… Horiek denak egingo ditugu».
Lezok, herri modura, jada izena emana du Euskaraldian parte hartzeko. Martxoan hasiko da norbanakoen izena emateko aukera, eta ordurako ariketa kontzientea egina izan beharko dute lezoarrek zer rol aukeratu erabakitzeko: ahobizi, edo belarriprest? «Bai, badator Euskaraldia, loraldia, oldarraldia! Zipriztin gaitezen eta zipriztin ditzagun ingurukoak euskaraz», ebatzi zuten batzordekideek asteartean, plazan.
11 egunetik, hamaikara
Euskaraldiaren helburu nagusia da euskaraz jakin eta ulertzen dutenen hizkuntza ohiturak aldatzea, eta hizkuntza praktikak aktibatzea. Finean, euskararen erabilera handitzea eguneroko harremanetan hizkuntza lehenetsiz, 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez. «Baina ariketa hori ez dugu maiatzaren 15etik 25era mugatu nahi. Euskararen erabilera elikatu eta errotu nahi dugu lezoarrengan, herritarrengan». Hala, hizkuntza ohituren aldaketa horretan «urrats txiki bezain erraldoiak» egitera deitu dituzte lezoarrak, eta udaberriaren indarraldiarekin hori egiteko gaitasuna biderkatuko dela uste dute.
Izan ere, laugarren Euskaraldiaren berritasunetakoa da udaberrian izango dela. Aurreko hiruak udazken-negu sasoian izan ziren, baina egitasmoaren sustatzaileek erabaki zuten udaberriko loraldia eta euskararen erabilerarena lotzea, «udaberriak beteko gaitu energiaz, gainetik kenduko ditugu izan ditzakegun beldur, konplexu, eta zama horiek. Oldarralditik loraldirako saltoa emango dugu, euskarahaldunduz»
Kartak mahaiaren gainean —edo astearteko kasuan plazaren erdian— jarrita, orain horiek egoki erabiltzea dagokie lezoarrei, nahiz Euskaraldiarekin era batera edo bestera bat egingo dutenei. «Jarrai dezagun Lezoko kaleak euskaraz bustitzen, eragin dezagun elkarrengan euskaraz, gasta ditzagun euskararen hitzak eta bihur dezagun Lezo euskararen arnasgune.
Jarraian, Imanol Saiz Gomez de Segurak egindako bideoan, agerraldiaren laburpena.