Etxe turistikoak mugatzeko prozesua abiatu du Oiartzungo Udalak
Turismoaren gaur egungo joera eta ohiturak zein diren ikusita, udalak "aurre hartu" nahi izan dio egoerari.

Azken urteetan turismoak izan duen bilakaera aintzat hartuta, Oiartzungo Udalak urtarrileko udalbatzan turismora zuzendutako establezimenduak arautu eta mugatuko dituen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Alabaina, aldaketak amaitu bitartean erabilera turistikoko logela eta etxebizitza berriak erregistratzeko adostasun txostenak kautelaz etetea ere onartu zuten.
Erabilera turistikoko sei etxebizitza daude gaur egun herrian, eta beste lau etxebizitzek dute turistei logelak alokatzeko baimena. Horietaz gain, seina hotel, landetxe eta nekazalturismo ere badaude. Hortaz, turismora bideratutako 269 logela eta 869 plaza daude Oiartzunen. Oarsoaldea Garapen Agentziak helarazitako datuen arabera, “gero eta turista gehiago hurbiltzen dira eskualdera, eta 2023tik 2024ra erabilera turistikoko etxebizitzen kopurua 28tik 43ra pasa da Oarsoaldean”.
Gauzak horrela, Oiartzungo Udalak beharrezkotzat jo du establezimendu turistikoak mugatzea “nahiz eta gaur egun turismora bideratutako etxebizitza turistiko gutxi egon herrian”. Udalak azpimarratu du Oiartzungo HAPOa 2015ekoa dela, eta une horretan etxebizitza turistikoak arautzen zituen legerik ez zegoenez, HAPOak ez duela figura hori jasotzen.
Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea: “Ukaezina da turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitzek eragin zuzena dutela etxebizitza eskubidearen gauzatze errealean, besteak beste, Euskal Herriko hainbat herritan ikusi dugun bezala, etxebizitza erabilera egonkorrera bideratutako higiezinen eskaintza edo stock-a murriztu dutelako eta epe luzerako alokairuak merkatutik ia ateratzera eraman dituelako”. Bestalde, azaldu dute udalarentzat “ezinbestekoa” dela herritarren etxebizitza eskubidea bermatzea. Gauzak horrela, eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko konpromisoa azaldu du udalak. Ildo horretatik, HAPOaren berridazketa egin bitartean, turismo ostatuak baimentzeko lizentzia eskaera berriak bertan behera utziko dituztela iragarri zuen.
Herrian turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitza eskaintza aztertu eta bilakaera ordenatzeko azterketa egingo du udalak. Plan Orokorraren aldaketak erabileren sailkapena; definizioa eta edukia; erabilera bakoitza gauzatzeko baldintza orokorrak eta eremu bakoitzari dagokion arautegi xehetuari eragingo die.
10.300 pertsona bizi dira Oiartzunen; 3.900 familia, “eta udala jakitun da oiartzuar askok zailtasunak dituela etxebizitzak eskuratzeko, dela eskaintza gutxi dagoelako, prezioak garestiak direlako edota diru sarrera nahikoa ez dutelako”. Egoera zein den ikusita, zenbait egitasmo jarri dituzte martxan, eta horien artean dago etxe hutsen zergetan gainkarguak, etxe hutsak alokairu duinera bideratzeko programa eta pizgarriak edota babes ofizialeko eta tasatutako etxe kopuru handia izango dutela promozio berriek. Gainera, zehaztu dute udaleko etxebizitza parkearen azterketa sakona ere abian dagoela, eta “epe ertainean neurri gehiago hartzeko moduan” izango dela.
HAPOaren aldaketa gauzatzeko parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan, herri mailako hausnarketa bat egin nahi baitute. Aldaketa hori abiatzeko EH Bilduko hautetsien aldeko botoarekin onartu zuten. EAJkoak abstenitu egin ziren, eta Janire Mitxelena bozeramaileak “erregulazio orekatu bat” eskatu zuen. “Nahiz kontrolik gabeko turismoak azaroak sor ditzakeen, ondo kudeatutako turismoa gure udalerriaren garapenerako aukera ere izan daiteke. Beharrezkoa da etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea, gure herritarren bizi kalitatea babestea eta garapen turistikoa jasangarria izango dela ziurtatzea”, zioen.
Era berean, azaldu zuen haien kezka nagusia lizentziak “ostatu turistikoen tipologiak bereizi gabe etetea” dela adierazi zuen. “Ez du zentzurik hotelei murrizketak ezartzea, ez baitute etxebizitza kopuruan eta prezioan eraginik”. Zonen araberako erregulazioa eta “izapide formal hutsa izango ez den partaidetza prozesu bat” eskatu zuen.
Alkatearen hitzetan, azken urtean “ez da aparteko mugimendurik izan” erabilera turistikoko eraikin berriak sortzeko eta, beraz, “urtebeteko etenaldiak presiorik gabe lan egiteko aukera emango digu, inori kalterik eragin gabe”. Lanketa egiteko parte hartze prozesu irekia, zabala eta guztiz gardena egingo dela azpimarratu zuen.