Kafearen bueltan bizitzaz hausnartzen ari dira
'Kafiak hoztu arte' egitasmoa abiatu du Oiartzungo Gazte Sortzaileak taldeak. Atal bakoitzean herriko gazte sortzaileak elkartzen dituzte, eta lehen saioa urtarrilaren 27an argitaratu zuten. Urtean lau bideo egitea da helburua.

Tristurak lagunei kontatzeko, kafea. Albiste pozgarriak elkarbanatzeko, kafea. Neguko arratsalde hotz bat goxatzeko, kafea. Goizean eguna indarrez eta energiaz beteta hasteko, kafea. Gauza mordoa egiteko aitzakia izaten da maiz kafea, eta, zalantzarik gabe, hitz egitera bultzatzen duen edari bat da. Nolabaiteko babesa ematen du eskuartean katilua izateak, eta edariak berak dituen aldaerak bezainbeste unetarako balia daiteke berau. Hausnarketarako bidea irekitzen du askotan kafeak, eta aitzakia horrekin sortu du Orgasmo Oiartzungo Gazte Sortzaileak taldeak Kafiak hoztu arte egitasmoa.
Arteak ez du mugarik; sorkuntzak ere ez. Hamaika aurpegi ditu sormenak, eta horrexegatik, Orgasmo sortu zutenean, argi zuten zein izango zen taldearen egitekoa: bertatik, herritik eta herriarentzat eragitea, esperimentatzea eta kolektiboki sortzen joatea. Horixe bera esan zion sortzaileen taldeak HITZAri proiektua aurkeztu zutenean.
Hala ere, ez da gauza berria taldearen jarduera, duela bi urte izan baitzuten Kafiak hoztu arte egiteko ideia. Egin ere egin zuten. Oiartzungo gazte sortzaileak elkartu eta gai ezberdinen inguruan hitz egitea eta hausnartzea zuten helburu. Orduko hartan zuzenean egin zuten, udaleko pleno aretoan, eta kafearen bueltan elkartu zituzten Aitor Bengoetxea Bengo, Alain Mendizabal Txilly, Izar Aizpuru eta Karen Muñoz. “Oso ondo funtzionatu zuen”, azaldu du Luix Mitxelena Orgasmoko kideak.
Pasa den urtean ez zuten tertuliarik egin, “baina aurtengorako pentsatu genuen formatu hori sare sozialetara eraman genezakeela irisgarritasuna handitzeko, baita sortzaileentzat erakusleiho moduko bat izateko ere”, jarraitu du sortzaileak.
Beraz, lanari ekin eta hainbat alorretan sorkuntzan dabiltzan hiru gazte oiartzuar hautatu zituzten lehen saio horretarako: Aitor Bengoetxea Bengo abeslari eta break dantzaria; Izaro Telletxea dantzaria, eta Naroa Zabaleta diseinatzaile grafikoa. Urtarrilaren 27an argitaratu zuten bideoa.
Hiru hilabetean behin
Arrakastaren inguruan aritu ziren sortzaile horiek lehen saio horretan, bakoitza, noski, norbere bizipenetatik aritu zelarik. Gainera, edizio berri honetan sortutako bideoak betikotuak izango dira, YouTuben zintzilikatzen baitituzte. Horretaz gain, Oiartzun Irratiarekin elkarlanean, hedabidearen Spotify kontuan argitaratu zuten saioa podcast formatuan.
Oiartzungo Udalaren laguntza dute gazte sortzaileek lan honetan; baina ez haiena bakarrik. Izan ere, grabaketan Pello Elizasu eta Janusz Borkowski aritu dira. Borkowski bera arduratu da, gainera, bideoaren muntaketa lanez.
Mitxelenak kontatu duenez, urtean lau saio egitea da asmoa; helburua, beraz, datozen hilabeteetan beste hiru grabaketa egitea da. Atal bakoitzerako hiruzpalau sortzaile elkartuko dituzte, eta beste kontzeptu batzuen inguruan hitz egingo dute. Saio bakoitzean kontzeptu bakan bat jorratuko dute gonbidatuek. “Oraindik ez dago itxita, baina hiru hilabetean behin egingo dugu saioa; alegia, hurrengoa apirilean, maiatzean datorrena eta azkena urrian izango lirateke”.
Halaber, formatuak ondo funtzionatzen duela ikusten badute, hurrengo urtean ere proiektuarekin jarraitzeko asmoa azaldu du Orgasmoko ordezkariak.