Intxixu, basandre eta sorginek herria konkistatu dute
Ihoteetako pertsonaiek hankaz gora jarri dute herria beste urte batez. Hasi da hiru eguneko akelarre handia.

Gaurtik igandera bitarte herria intxixu, basandre eta sorginena izango da. Ihoteetako pertsonaiek aurten ere ez dute hutsik egin, eta ohi bezala, hankaz gora jarri dute herria. Oiartzuarrak urteko astebururik kuttunenaz gozatzeko gogoz zeudela erakutsi dute, ehunka lagunek lepo beteta utzi baitute Done Eztebe plaza. Intxixu, basandre eta sorginen konkistaren lekuko izan dira zientoka lagun, plazatik bertatik edo gaurko festaren epizentroa inguratu duten etxeetako balkoietatik. Hasi da hiru eguneko akelarre handia.
Haien etorreraren aurretik motorrak berotu dituzte haur, gazte eta gazte izandakoek. Burrunba, txokolatada, azeri eta sorgin dantzak… Horren ondoren, 19:30ean, heldu dira protagonista nagusiak. Banderen dantza egin ondoren, udaletxea hartu dute intxixu, basandre eta sorginek, eta igandera arte beraiena izango da eraikina.
Igande iluntezan jaitsiko dute bandera, eta hurrengo urtera arte Kataxulora itzuliko dira, zibilizaziotik eskapo. Bitartean, haiekin ere bai, gozatzeko hamaika modu izango dira herrian. Hemen egitarau guztia kontsulta daiteke.
Jarraian, gaurko etorreran HITZAk ateratako argazkiak:







































































































