Lezoren mendiko lasterketarako prest
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren hamaikagarren ekitaldia jasoko du herriak igandean. Berehala agortu egin ziren 350 dortsalak, eta lezoarren partaidetza oso handia izango da.

Hamaikagarren Lezo-Jaizkibel mendi lasterketak arrakastaren bidearen zati handi bat egina du, nahiz eta oraindik korrikalariek euren jarduna egina ez izan. Igandeko 10:00etan hasiko da Gurutze Santuaren plazatik 14 kilometroko lasterketa, eta orotara 350 partaidek zeharkatuko dituzte Lezok Jaizkibelen dituen altxorrak, tartean Ixkulin, Allerru edo Tiñelu gainak. 08:30ean hasiko dira dortsalak ematen plazan bertan, eta 12:30ean ekingo diote herriaren erdiguneko zabalgunean sarien banaketarekin.
Urtarrilaren 1ak 20 minutu zituenerako agortu ziren igandeko lasterketarako 350 tokiak. 20 minutu iraun zuten dortsalek. Lezo-Jaizkibelen izen emateen arrakastak ertz asko izan ditzake: ibilbidea, beste mendiko lasterketa askorekin alderatuta ez da oso gogorra; Lezon eta inguruko herrietan mendiko lasterketetarako afizio handia dago; antolaketa bera ere, eredugarria. Baina bada aldagai bat kirol proba batek berezko ez duena: kariñoa. Xoxolur Mendi Klubaren aterkipean antolatzen den probako partaide den-denak etxean bezala sentitzen dira, Lezok harrera izugarri beroa egiten die. Bi korrikalariko boluntario bat izango da lanean etzi.
Korrikalarien gaineko hainbat datu eman dituzte antolatzaileek. Irteerako lerroan izango diren 350etatik, 102 lezoarrak izango dira, horietatik 19 emakumeak. «Gure indargune nagusia da Lezoren, lezoarren lasterketa dela gurea. Ez bakarrik partaideen aldetik. Herriak erabat bat egiten du antolakuntza lanekin, bai egunekoekin, bai eta aurrekoekin ere. Uste dugu oso zainduak sentitzen direla partaideak. Herriak zaintzen dituela esan genezake», esan dute antolatzaileek.
Zifra gehiago. Lezoko 102 mendi lasterkariez gain, besteak beste, 51 Errenteria-Oreretakoak izango dira, 25 hondarribiarrak, 19 irundarrak, 16 oiartzuarrak, edo 11 pasaitarrak. «70 emakume daude denera. Zenbaki hori gainditu nahiko genuke datozen edizioetarako», aitortu dute antolatzaileek. Sariak gizon-emakume kategorietako lehen hirurek jasoko dituzte, lehen lezoarrek, eta su-ebakia azkarren igoko dutenek. Horrez gain, Asier Fernandez atleta lezoarrari aitortza egingo diote podiumaren inguruan.
Parte hartzaileen izen-abizenei errepasoa eginda, «maila oso ona» izango dela adierazi dute antolatzaileek. Gizonetan, berezitasun bat: aurreko hamar ekitaldiek bi irabazle izan dituzte soilik, biek ala biek bosna garaipen lortu dituztelarik, Iker Oliveri hondarribiarra eta Ander Iñarra lezoarra dira horiek. Azken orduko lesio bategatik, Oliveri ezin izango da lehiatu. Beraz, Iñarrak berdinketa hori hautsiko al du?
Atarikoak
Larunbatean (bihar) haurren Lezo-Jaizkibel egingo dute, 0-12 adin tartekoentzat. 17:00etan eta Koldobike Gezala pilotalekua abiapuntu izanda, haientzako lasterketak prestatu dituzte. Harrobiko lana ere garrantzitsua baita. Horietan izena emateko epea biharko 16:30ean zabalduko dute, eta hiru euroko ekarpena egin beharko da dortsala erosteko: horietatik bi eurok elkartasun helburua izango dute, Aita Mari-Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearentzat izango direnak, eta bestea lasterketaren antolaketa gastuetara bideratuko dute. Igandeko proba nagusiko elkartasun euroa ere haientzat izango da.
Lasterketa berdea da Lezo-Jaizkibel. Partaideek ontzi berrerabilgarriak eraman behar dituzte euren hidrataziorako, eta ibilbidea markatzeko ez da plastikozko zintarik erabiliko; alta, Jaizkibelen hondakinen bat botatzen duten lasterkariak deskalifikatuak izango dira. Lezo-Jaizkibelek korrikalariak zaintzen ditu, baita Lezo babesten duen mendia ere.
HITZA, lanean
Ohitura duen bezala, OARSO BIDASOKO HITZA Lezon izango da igandean Lezo-Jaizkibelen berri emateko. Igandean bertan lasterketari lotutako argazkiak eta sailkapenak plazaratuko ditu webgune honetan. Astelehenean, berriz, sailkapen nagusiaren xehetasun guztiak emango ditu.
Proba berotze aldera, jarraian dagoen estekan iazko Lezo-Jaizkibelen argazki sorta ikusteko aukera.