[Auzo guztietako argazkiekin] Kuestazio guztiak plazara!
Oiartzungo 8 auzotako kuestazioek elkarrekin bukatuko dute ihoteen bigarren egun hau. HITZAk oiartzuarrei esker argazki bilduma eskuratu du.

Oiartzuarrek eguraldia lagun izan dute azkenean. Eta ez da harritzekoa, intxixuen, basandreen eta sorgineen etorrerarekin, zerua bera ere alaitu izana.
Baserriz baserri nekatu arte dantzan egin ondoren kuestazio bakoitzak elkarrekin bazkaltzeari ekin diote, eta aurki herriko plazan elkartuko dira denak. 18:30ak aldera ihote berbeneroa hasiko da eta bi orduz Ihote taldeak sortu duen berbena talde inprobisatuaren baitan dantzan arituko dira herriko haur, gazte, heldu eta adinekoak.
Ondoren, udaletxe azpiko arkupeetan ihoteetako txosnan jarraituko du oiartzuarren baloreak jasotzen dituen festa handiak. “Aspertu arteko parranda giroa izango dugu, gure baloreekin: euskalduna, berdinzalea, auzolanaren aldekoa” zehaztu du Irati Goikoetxeak.
Jarraian, HITZAk oiartzuarrei esker eskuratu dituen argazkien bilduma:



























































































































































































































































































