Askotariko jarduerak Martxoaren 8a goratzeko
Pasaiako Udalak, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean, egitarau anitz eta zabala ondu du Martxoaren 8aren harira, feminismoaren, berdintasunaren eta emakumeen borroka ardatz.

Martxoaren 8a gainean da, eta Pasaiako Udalak, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean, egitarau anitz eta zabala ondu du egun horri gorazarre egiteko. Feminismoaren, berdintasunaren eta emakumeen borroka ardatz, hitzaldiak, antzerkiak, kulturen arteko topaketak edota omenaldiak antolatu ditu udalak. “Gizarteak berdintasunezkoa izan behar duela aldarrikatzeko egun bat da, lortutako aurrerapenak baloratzeko, eta oraindik egiteko dugun bideaz jabetzeko”, adierazi du Laura Ré Berdintasun zinegotziak.
Martxoaren 8ko data egutegian markatuta dutela gogorarazi du udalak, eta aniztasunean dagoen elkartasunetik sortzen den indarra ospatu nahi dute ondu dituzten jarduerekin. “Aurten bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu feminismoa belaunaldiz belaunaldi pasa dugun lekukoa dela azpimarratzea, gure genealogia feminista ikusaraztea eta emakumeekin historiak izandako ahanzturak konpontzen jarraitzea. Egun hauetan omenaldia egingo diegu haien eskubideen alde eta etortzeke zeuden emakume guztien eskubideen alde borrokatu diren emakumeei”, baietsi du Rék.
Martxoaren 8aren bueltako jarduerak asteazken honetan hasiko dira (hilak 5). Gipuzkoa Feministak elkarteak Autodefentsa feminista. Ezetz esaten ikasteaz haratago hitzaldia eskainiko du Trintxerpeko Alkateordetzan, 18:30etik 20:30era. Saioa gaztelaniaz izango da eta Maitena Monroy izango da hizlaria. Bukaeran, luntx bat egongo da.
Hilaren 7an, Emakumeen arteko entzute taldea jarduera berezia egingo da Trintxerpen, eguerdian. Ekitaldi horren helburua da Berdintasun arloaren, Itsas Etxearen, Adinkideren eta Jabetze Eskolako zaintzaren inguruko taldearen elkarlanari esker sortutako iniziatiba herriko beste emakumeei helaraztea. Ikusgarritasuna bilatzeko xedearekin, emakumeak kalean bilduko dira, Gudarien plazan zehazki. Euria egingo balu, alkateordetzara lekualdatuko lukete saioa. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, esteka honetan.
Martxoaren 8rako ekitaldi bakarra antolatu da Pasaian: bertso bazkari bat. Jarduera hori Donibaneko Bixi Bixi elkarteak ondu du, eta elkartearen egoitzan izango da, 14:00etatik aurrera. Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan. Txartelak salgai daude Berezi okindegian eta 667 72 21 44 telefono zenbakian.
Hilaren 9an, Pasaiako Udaleko Berdintasun eta Euskara sailek Mira Hadi antzezlana taularatuko dute Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan.
Hilaren 12an, aldiz, Migrazio eta Berdintasun arloek kulturarteko topagune bat antolatuko dute Trintxerpeko Alkateordetzan, 17:00etatik 19:30era. Topaketa horretan hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, kultura ezberdinetan emakume izatearen esanahia, Pasaiako errolda genero ikuspegiarekin eta Emakumeak eta migrazioa dokumentalaren proiekzioa.
Hilaren 16an, Topaketa elkarteak Kikilisalda antzerki taldearen ikuskizuna antolatu du Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:00etan.
Hilaren 23an, festa eta aldarrikapena ardatz izango dituen eguna ospatuko da Pasaian. Pasaiako Berdintasun Mahaiaren ekimenez, Pasaiako emakumeen borrokari omenaldia jarduera antolatu da. Aurtengo zita Trintxerpen izango da. 12:00etan jarriko dira martxan, eta martxa bat egingo dute Correosetik Gudari plazara arte. Ondoren, Entre Orillas elkarteak herri bazkaria egingo du Gudarien plazan. Euria egingo balu, frontoira lekualdatuko lukete bazkari herrikoia.
Hilaren 24an, Adinkidek Desoledades errezitaldia ondu du. Saioa Trintxerpeko Alkateordetzan izango da, 18:00etatik 20:00etara.
Azkenik, Martxoaren 8aren bueltako jarduerak hilaren 28an bukatuko dira. Bekoz Beko elkarteak Kontziliazio erantzukidea hitzaldia antolatu du Antxon, Bekoz Bekoren egoitzan, 17:30etik 19:00etara. Genero berdintasunaren aldeko borrokan funtsezkoa den gai bat dela adierazi dute sustatzaileek. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.
Kontrakoa aipatzen ez den kasuetan izan ezik, jardueretako sarrera libre izango da, edukiera bete arte. Informazio gehiagorako Berdintasun arloaren helbide elektronikoa eta 943 34 40 34 / 911 telefono zenbakia ahalbidetu ditu udalak.