Errenteria 2040 prozesua abiatzeko aurkezpen ekitaldia, ostegunean
Herritar eta eragile guztiei aurkezpen horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu die udalak.
Etorkizuneko herria irudikatzeko ariketa kolektiboa egingo du udalak: Errenteria 2040 prozesua. Ariketa kolektibo horrek 15 urte barru zer nolako herria nahi duten irudikatzea eskatuko die parte hartzen duten eragile eta herritarrei, baita bertara iristeko landu beharreko erronkak eta garatu beharreko proiektuak zehaztea ere.
Plana osatzeko prozesua hilabeteetako bidea izango dela adierazi du udalak, “bide horretan zehar, herriko eragileek eta herritarrek euren ikuspegi eta iritziak partekatzeko aukera izango dute”. Lehena ostegunean, hilaren 6an, izango da. Egun horretan egingo dute prozesuaren aurkezpen ekitaldia Lekuona Fabrikan 18:00etan. Hori horrela, dei zabala egin du udalak, eragile guzti-guztiei baita herritar denei ere bat egin eta aurkezpenera bertara daitezen, “Errenteria 2040 prozesuaren arrakasta ahalik eta herritar zein eragile gehienen partaidetzan datza-eta”.
Irekia izango da ekitaldia, baina parte hartzea aurretik baieztatu beharko da. Horretarako, galdetegia bete beharko da (klik hemen).
Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren itxiera
2012 eta 2013an zehar osatu zuen udalerriak Errenteria 2025 plan estrategikoa, herritar zein eragile ugariren parte hartzearekin. Herriaren garapenean “mugarri garrantzitsua” izan dela plan hori sinistuta azaldu da udala, “iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi izan baita”. Plan horrek azken urteetan udalerrian garatutako hamaika proiektu eta egitasmo estrategiko jasotzen zituela ere esan du, “hala nola, Lekuona Fabrika bera martxan jartzea”.
Aurreko planak “garapen maila altua” izan duela ere ondorioztatu du udalak, plan berria martxan jartzeko egin diren aurre lanetan. Osteguneko aurkezpena aurreko planaren “itxiera” eta “ortzimuga berria” izango dela esan du bukatzeko; ortzimuga hori elkarrekin marrazteko gonbidapena izatea nahi dute udal ordezkariek.
