Paperak Galdu Gabe zikloaren lehen mahai-inguruan, 'Feminismoa Oarsoaldean, gaur'
Oiartzun Irratiaren eta HITZAren arteko elkarlana oinarri, Paperak Galdu Gabe mahai-inguru zikloa hasiko da ostiralean. Lehen aztergaia, 'Feminismoa Oarsoaldean, gaur'.
Beste elkarlan bat abiatu dute Oiartzun Irratiak eta OARSO BIDASOKO HITZAk: Paperak Galdu Gabe mahai-inguru zikloari ekingo diote euskarazko tokiko bi hedabideek. Ziklo horren lehen emaitza ostiralean (martxoaren 7an) dastatu ahal izango da: Feminismoa Oarsoaldean, gaur solasaldia antolatu dute Oiartzungo Landetxen, 18:00etan hasita. Bi hedabideek zuzenean eskainiko dute sare sozialetatik emanaldia, baina herritarrek bertaratzeko aukera izango dute. Doan da mahai-inguruaren lekuko zuzen izateko aukera, baina aurrez tokiaren erreserba egin behar da.
Mahai inguruan Uxue Barrenetxea Bruño oiartzuarra, Laia Urretabizkaia Mitxelena oreretarra, eta Eba Ibañez Rozadilla lezoarra izango dira hizlari. Oiartzun Irratiko eta HITZAko kazetariek gidatuko dute hizketaldia. Hala, feminismoak egin eskualdean bizi duen egoeraz gain, beste hainbat kontu izango dituzte hizpide gonbidatuek.
Paperak Galdu Gabe zikloaren barruko lehen mahai-ingurua izango da ostiralekoa. Aurrerantzean gehiago izango dira, eskualdeko eta herrietako gai interesgarriak sakonean plazaratu, eta zabaltzeko asmoz.
