Herri giroa San Pedroko inauterietan
Xumea, baina giro onarekin eta koloretsu. Halakoa izan zen San Pedroko inauterietako larunbata.
Larunbatean ospatu zituzten sanpedrotarrek inauteriak. Herri giroan. Xume, baina koloretsu eta pozik. Lehenik eta behin diana egin zuten, gero etxean mozorrotu, eta kalera atera ziren haur zein helduak jolasak zituztelako herriko plazan. Behin jolas bidez beroketak eginda, barrutitik desfilea egin zuten txarangaren laguntzarekin. Hotz egin zuen larunbat goizean, eta eguzki izpi bila ibili ziren herrian bildu ziren era askotako pertsonaiak, batzuk ezagunak, besteak ez hainbeste. Hori baita inauteria, itxuraz aldatu, eta jendea aztoratzea.
Behin kalebuelta eginda, pilotaleku parean norberak etxetik eramandakoarekin bazkaria egin zuten. Horren ondoren, libre kaleak inauteriez gozatzeko. Jarraian, sanpedrotarrek HITZAra bidalitako hainbat argazki, goizeko giro horren adierazle.
