"Errotik aldatu nahi dugu sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta arrazista"
Dozenaka eta dozenaka oiartzuarrek kolore morez apaindu dituzte herriko kale eta txokoak. Manifestazioaren aurretik, herriko hainbat emakumek aitortza jaso dute.
Aurten ere ez dute hutsik egin, eta beste urte batez indar erakustaldia egin dute oiartzuarrek, mobilizazio erraldoi eta jendetsua egitea lortu baitu aurten ere Oiartzungo Feministen Asanbladak. Zientoka oiartzuarrek erantzun diote urteroko deiari, kolore morez eta aldarrikapenez apaindu dituzte erdiguneko kale eta plazak. Askotariko aldarrikapenekin irten dira kalera gaur, baina mezu argia zabaldu nahi izan dute, faxismoak, xenofobiak eta arrazakeriak ez dutela tokirik ez Oiartzunen, ez inon.
Manifestazioan abiatu aurretik, aitortzarako eta omenaldirako tartea izan da, une hunkigarri eta ederra izan da emakume oiartzuar askorentzako. Konplize eta maite dituztenak omendu dituzte, zerrenda luze bat aipatu dute: “Ane, Maialen, Maham, Udane, Saioa, Mina, Mirentxu, Karmele, Amina, Uxue, Maria Jexux, Dariani, June, Alaia, Doris, Odei, Goiatz, Tere, Binta Aintzane, Mikele, Aima eta abar luze bat”. Behean gaurko aitortzan irakurritako testu osoa ikus daiteke.
Gizarte Ongizateko eraikin berriaren ondotik pasa dira lehenik manifestariak, eta bukaerako irakurketan une hori gogoratu nahi izan dute, eraikin horrek zein Landetxekoak zaintza lanak erdigunera ekartzeko bidean “urrats bat gehiago” izan direlako haien ustez. “2023ko Greba Orokor Feministak abagune ederra jarri zigun zaintza lanak aitortu eta ikustarazteko, baita zaintza eredu publiko komunitario baten aldeko aldarria ozen oihukatzeko ere”, esan dute. Bide horretan jarraitzeko asmoa adierazi dute, ozen, “sareak ehundu eta espazio berriak artikulatzen”.
Zaintzaren alorrean bestelako eragileekin eta udalarekin dagoeneko elkarlanean hasiak direla gogorarazi dute, hausnartu eta zaintzaren eredu aldaketa beharraz eztabaidatzen. Dena den, oraindik egiteke asko dagoela esan dute asanbladakoek: “egungo errealitateari begiratu besterik ez diogu egin behar; herriko etxe zein baserrietan zaintza lanak sostengatzen dituzten barneko etxeko langile gehienak emakume arrazializatuak dira”.
Zentzu horretan, haien lana txalotu eta goraipatu dute gaurkoan: “ezinbesteko lana egiten dute, maiz/gehienetan, modu prekarioan”, salatu dute. Horregatik, Espainiar zein Frantziar Estatuetako migrazio politikak salatzeko probestu dute gaurkoa: “ozen diogu, atzerritartasun legearekin bukatu egin behar da. Herri hau ere zuena da”.
Faxismoaren gorakadaren testuinguru honetan, diskurtso xenofoboak dituzten eta zabaltzen dizutenenen aurrean izango dituztela adierazi dute, “atzo, gaur eta beti”. Hedatzen ari diren jarrera arrazistei “urgentziaz borrokatzeko” beharra nabarmendu dute. Arrazakeriaren aurrean ere aliantzak sortzeko beharraz aritu dira, eta sareak ehuntzen jarraitzeaz. Bide batez, “borrokan eta erresistentzian” dauden Palestina, Sahara, Kurdistan “eta abar” luze bat izan dituzte gogoan.
Aurten, beste behin ere, “emakumeak, transak eta bollerak etengabe zapaltzen gaituen sistema baten kontra atera” direla esan dute: “Hainbat ardatz eta alorretan mekanismo ezberdinen bitartez, askotariko zapalkuntza eta esplotazio egoerak jasan behar ditugu gure gorputz eta lurraldeetan, maila mikroenetik hasi eta makroenera”.
Bide batez, @DenunciasEuskalHerria Instagram kontuan gizon oiartzuarrak salatzeko argitaratu diren mezuak aipatu dituzte. Erakutsitako ausardiagatik eskerrak eman dizkiete: “sinisten zaituztegu eta argi izan gertatutakoaren ardura ez dela zuena, beren boterea etengabe erabili izan duten erasotzaileena baizik. Zuekin gaude”.
Sistema, errotik aldatzera
Bukatzeko, sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta arrazista “errotik” aldatzeko premiaz aritu dira. Testuingurua azken urteetan ez dela askorik aldatu esan dute, botere harremanetan zapalkuntza mekanismo molde berri eta konplexuak agertu direlako eta orain arte ezagututako zapalkuntza ereduei batu zaizkielako. “Eskuin muturraren gorakada nabarmena izan da hainbat esparru eta sektoreetan, eta beren mezuak hedatzen ikusi ditugu nola prentsa hala sare sozialetan. Jarrera erreakzionario horiek feminismoaren eta arrazakeriaren kontrako diskurtsoak sortu eta hedatzen ari dira gizartean, baina hemendik irmo diogu: Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak. Gora borroka feminista!” oihuekin bukatu dute gaurkoa.
Mobilizazioaren ondoren, festarako tartea ere izango da. Karropoteo feminista egingo dute herriko tabernetan barrena, eta 21:00etan afari beganoa izango da hala nahi dutenentzat. Afalostean, eguna biribiltzeko, kantaldia egingo dute Girizia elkartean.
Beheko lerroak, gaurko aitortza ekitaldian irakurritakoak dira, hitzez hitz:
Ispilu aurreko isladan beti nahi dudana naiz. Batzuetan zaurgarri, besteetan indartsu. Batzuetan triste, besteetan alai. Batzuetan ilun besteetan argi. Ni naiz lagun, ahizpa, konplize. Ni naiz ispiluan munduari so dagoen islada hori.
Korapilatzen jarraitzen badugu, ez dugu jakingo nola askatu. Korapilatzen jarraitzen badugu, nola asmatu. Feminismoa hori da, korapilatzea eta ez elkar askatzea. Aliantzak, harremanak lotzea eta bertan goxo bizitzea.
Txispa batek sortzen du sugarra, doinu honen berezko indarra ta ez galdu inoiz irribarra. Plaza hau da Oiartzunen feminismoak izan duen bilakaeraren lekuko. Nola bihurtu dugun txispa bat sugar. Gune honek gure oihuak entzun ditu, gure leloak irakurri ditu, gure moskeo kanpainak irrikaz jaso ditu. “Bortxatzailea zu zara” dantzatzen ikusi gaitu, gure irrintziak entzun ditu akelarrean, sokak korapilatuz aliantzak sortzen ikusi gaitu. Haserre, nazkatuta, alai, indartsu ere ikusi gaitu. Moldeak puskatzen, elkar maitatatzen, muxukatzen eta laztantzen. Izateko, maitatzeko, janzteko, familiak eta komunitateak sortzeko erak kuestionatzen eta aldatzen ikusi gaitu. Oiartzungo plaza harro dago herri honetako Mugimendu Feministak egin duenaz eta ilusioz espero ditu gure hurrengo urratsak ere.
Besteen begiradak eraiki baldin bagaitu, egin behar duguna da elkarri begiratu. Eta zer ikusten dugu ingurura, elkarri begietara begiratzean? Herri hau aldatzen ari garela ikusten dugu, emakumeok gure bidea egiten ari garela ikusten dugu. Bertsolaritzako zutabe gara, hitzak dantzan jarri eta ipuinak nahiz eleberriak idazteko gai gara, dominak ere lepotik zintzilik eramaten ikasi dugu, elurretan nahiz eguzkipean gure mugak ezagutzeko bidea egiten ari gara, soka tiraz, apurka-apurka mundua gurera ekarri arte. Kirolari gara, idazle gara, bertsolari gara.
Kea bezela airean hegan nabil gauean, dantza luze batean, miazkatuz haizea. Kea bezala airera joan zaizkigun beste hainbat emakume borrokalari ere izan dugu herri honetan. Batzuk nahi baino goizago agurtu behar izan ditugu, besteak agurtzeko eta lekukotzak jasotzeko aukera izan dugu. Biak ala biak oroimenean gordeko ditugu, gu izango gara haien indar eta irribarreen lekuko. Besarkada more bana aurten agurtu ditugun emakumeentzako!
Ta ze zaila den etxe bat sortzea beste etxe guztiak hor daudenean. Batzuentzat eraiki zen, baina denontzat da lekua hemen. Herrian inurriak bezala egiten ari garen lan ikaragarri hau ez da burbuila honetan geratzen. Oiartzun feministagoa egiten ari gara bai, baina gaurko egunean Euskal Herriko mila txokotan ari dira emakumeak batzen, plazan elkar topatzen, besarkatzen eta irriak partekatzen. Horrek ematen dio zentzua gure borrokari, herritik Euskal Herri feminista sortzea baita helburu. Eta argi dugu borroka honetan ateak irekita izango dituztela jatorri, hizkuntza eta izate guztietako emakumeek.
Momentu hau ere baliatu nahi dugu ikusezin diruditen baina gure ongizatearen sostengu diren emakume zaintzaileak erdigunean jartzeko. Zaintza lanak etetea oso zaila dela ikusi izan dugu greba feministetan, ez dago atsedenik eta maiz aldarrikatzeko tarterik ere ez. Arrazializatuak diren emakumeen kasuan oraindik eta gehiago korapilatzen da lana eta bizitza uztartzeko malabarismoa. Horregatik guztiagatik, une honetan zaintza lanak bermatzen ari diren emakume guzti horiei egiten duten esfortzua azalerazi eta eskertu nahi diegu. Borrokan ari gara denon bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema bat lortzeko!
Konplize ditut eta maite ditut denak. Hala da, konplize ditut denak, konplize zaituztet. Eskerrik asko zuri Ane, eta zuri Maialen, eta zuri Maham. Udane, Saioa, Mina, Mirentxu, Karmele, Amina, Uxue, Maria Jexux, Dariani, June, Alaia, Doris, Odei, Goiatz, Tere, Binta Aintzane, Mikele, Aima eta abar luze bat.
Zer gara gu, nor gara gu? Feministak gara gu!
