"Eskaera historiko bati erantzuten dion lorpen kolektiboa da"
Eusko Trenbide Sareak lehiaketara atera du Galtzaraborda eta Alaberga arteko trenbide eta estazio ingurua estaltzeko proiektuaren idazketa Udalak "oso positibotzat" jo du berria, eta nabarmen jarri eskaera historikoa izan dela.

Errenteriako Udalak oso positibotzat jo du Topoaren Galtzarabordako geltoki ingurua estaltzeko proiektua idazteko lanak hasi izana. Joan den ostegunean jakinarazi zuen ETS Eusko Trenbidea Sareak proiektuaren idazketa lehiaketara atera duela. “Berri oso ona” dela esan du Aizpea Otaegi alkateak, “eskaera historiko bati erantzuten dion lorpen kolektiboa da”.
Eraikitzen ari diren tunel berriaren eta geltokiaren arteko ingurua estaltzea, ingurune hori biziberritzeko pauso garrantzitsua izango da, “eskaera historikoa” izan dela lubaki hori estaltzeko proiektua, eta tunel berria eraikitzeko lanek auzotarrengan eraginak handitzen zituela ikusita, Eusko Jaurlaritzari eremua estaltzeko eskatzeko proiektua martxan jar zezala galdeginez azken hilabeteetan herritarrek mobilizazioak egin eta hainbat iniziatiba abiarazi dituztela azken hilabeteetan ere jarri du nabarmen Otaegik, “besteak beste, iazko urrian 1.500 sinadura baino gehiago bidali zizkioten auzotarrek Eusko Jaurlaritzari”.
Ildo horretatik, goraipatu egin du alkateak herritarren lana, “hau azken hilabete luzeetan herritarrek egin duten lanaren emaitza ere bada”. Horrez gain, auzotarrak, ETS eta udala arazoari irtenbidea emateko elkarrizketan aritu direla ere jakinarazi du Otaegik, “modu diskretuan bada ere. Elkarrizketa horien emaitza ere bada proiektuaren idazketa prozesua martxan jarri izana”. Galtzarabordako ingurunea estaltzeak Topoak Errenteria-Oreretan eragiten dituen afekzioak gutxituko baditu ere, alkatearen esanetan, lehen pausua izan behar du honek: “Mugarri garrantzitsua da hau, topoak udalerrian duen trenbidea hirian integratzeko.
Hori horrela, ETSri aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko eskua luzatu dio: “Galtzarabordaren kasuan egin bezala, aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzea izango da herritarren beharrei erantzuteko modu egokiena”.