40 igerilari txapel bila larunbatean, Galtzarabordan
Gipuzkoako Igeriketa Egokituko Txapelketa jokatuko dute larunbatean Galtzarabordako kiroldegiko Sara Carracelas igerilekuan.

Bi urteko hutsunearen ostean, berriro antolatu dute Gipuzkoako Igeriketa Egokituko txapelketa. Larunbatean, hilak 15 jokatuko da Galtzarabordako kiroldegiko Sara Carracelas igerilekuan, eta gaur eman dituzte xehetasun guztiak. Amaia Elizondo txapelketa antolatzen duen Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko zuzendariak hartu du hitza lehenik. Eurentzat Errenteriako Sara Carracelas igerilekua “enblematikoa” dela esan du Elizondok, “badu esanahi bat, izan ere Sara Carracelas bada erreferente bat kirol egokituan, eta emakumea, gainera”.
Txapelketaren deialdiak arrakasta izan duelako pozik azaldu da Elizondo, “40 igerilari ariko dira larunbatean”. Horietatik 25 gizonak izango dira eta 15 emakumeak, eta Konporta, Zarautz Balea, Aspace Araba eta Bizkaiko Gaude elkarteetakoak dira. Gehien gehienak Konporta elkarteko igerilariak direla jakinarazi du federazioko zuzendariak. Berritasun baten berri ere eman du Elizondok, izan ere Zarauzko Balea elkarteak lehen aldiz hartuko du parte txapelketan, eta igerilari batekin egingo du parte hartze hori.
Gipuzkoakoa da txapelketa, baina Arba eta Bizkaitik ere helduko dira lehiatzera, txapelketak duen open sailari esker.
Igerilari horiekin batera, baina txapelketatik kanpo, beste bederatzi gazte ariko dira, “eskola kirola egokituko sareko bederatzi igerilari dira. Horiek, 25 metroko proba egingo dute, eta helburua, gazte horiek txapelketaren barruan lehen esperientzia edukitzea da”. Hori ere, berritasuna izango da.
Eskerrak eman dizkie Errenteriako Udalari eta aldundiari antolaketan emandako laguntzarengatik, baita konporta elkarteari ere, “finean bera da erreferentea igeriketa egokituan Gipuzkoan ia hiru hamarkada luzeko ibilbidearekin”.
Leire Maziziorrek udalaren erabateko prestutasuna adierazi du halako iniziatibekin bat egiteko, “asko eskertzen da kirol egokitua sustatzen duten elkarteen lana, eta guretzat ere lehentasuna da kirola mundu guztiari irisgarri egitea, eta inklusibitatearen aldeko apustu garbia egiten dugu”. Aipamena egin dio halaber, Ereintza eskubaloi taldeak sortu duen kirol egokitu taldeari, baita pilotan ere badagoela pilota egokitu taldea udalerrian. Igerilariei egindako lana aitortu die Maziziorrek, baita kirol egokitua sustatzen duten elkarteena ere, “balioan jarri behar da, lan handia eta ezinbestekoa egiten baituzue”. Azkenik konpromisoa azaldu du kirolean ere inklusibitatearen aldeko urratsak egiten segitzeko.
Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak Carracelasen izenari helduta zerrenda luzatu du eta Richard Oribe, Iñigo llopis, eta Nahia Zudaire gehitu ditu, “erreferente izugarriak ditugu”. Aldundiaren kirol departamentuaren balioak, inklusioa, aukera berdintasuna eta askotariko gaitasunak dituzten haurrei kirol ibilbide bat eskaintzea direla azaldu du Pastorrek, “lanean jarraituko dugu baliabideak eta aukerak eskaintzeko eta espazio egokiak eskaintzeko haur horiek kirola baldintza optimoetan egiteko aukera izan dezaten. Kirola eraldaketarako tresna den zalantzarik ez dugu jendarte ekitatiboaga, parekideagoa eta justuagoa sortzeko. Haur horiek, gainera, erreferente handiak dituzte aipatu berri ditudanak kasu”.
Txapelketa honen tankerakoak, ezinbestekoak direla gaineratu du Pastorrek, “herritarrek fokua jar dezaten kirol egokituan, eta horretara deitu nahi ditut larunbatean, kirol proba hau ikustera etor daitezela”.
Konporta elkarteko lehendakari eta entrenatzaile Juanma Olidenek hartu du hitza, azkenik. “Oso pozik” daudela aitortu du Gipuzkoako txapelketa berriro errekuperatu delako, “guretzako ezinbesteko hitzordua, Gipuzkoako igeriketa egokituko erreferentea gara, herrialde osoan barrena ditugu igerilariak, eta beti saiatu gara 27 urtean maila baxuenetakoak eta altuenetakoak izaten. Richard Oribe behetik hasi zen eta gorenera heldu, aurten ere hemen izango da txapelketan, eta gurean entrenatzaile dabil”.
Argi esan du Olidenek, desgaitasuna izatea ez dela oztopo kirola “edozein mailatan” egiteko, “eta irakatsi ere egin dezakete, Richarden (Oribe) kasuan bezala”. Nabarmen jarri du, gaur gaurkoz, Iñigo llopis eta Nahia Zudaire igerilariak dituztela taldean, goi goi mailan, “eta badatoz gazte batzuk bultzaka maila oso onarekin. Hmenedik aurrera ziur izango ditugula igerilariak goi mailan. Bitartean jarraituko dugu behe mailatik hasita goi mailara eramaten igerilariak”.
Larunbatean 16:00etan hasiko da txapelketa eta nahi duen orok izango du hura ikusteko aukera igerilekuko goiko aldean diren leihoetatik.
Igerilekua itxita
Txapelketa dela eta, egun horretan Galtzarabordako kiroldegiko igerilekua itxita izango da 14:30etik 20:00etara. Ordu horretatik aurrera berriro zabalduko dute 22:00ak arte. Gainontzeko instalazioa zabalik izango da ohiko ordutegian, eta erabiltzaileek Fanderiako igerilekua erabili ahalko dute egun osoan.