Andreone Udal Liburutegia moreagoa da jada
Txoko Feministaren inaugurazioa egin zuten atzo Andreone Udal Liburutegian. Ekintza planaren parte da egitasmo hau, emakumeak "ahalduntzen" jarraitzeko.

Berdintasuneko Ekintza Planari jarraiki, atzo ireki zuten Txoko Feminista Lezoko Andreone Udal Liburutegiko goiko solairuan. Irekiera ekitaldian izan zen Mireia Kuesta Unzain Berdintasun zinegotzia, mugimendu feministako kideekin batera. Azken hauekin elkarlanean aritu da udala eta “ezinbestekoak” zian da haien aholkularitza eta laguntza, bai Txoko Feminista osatzeko, bai eta berdintasuna ardatz duten bestelako ekintza eta ekitaldiak adosteko ere.
Unzainek gogoratu zuen Txoko Feminista herriko emakumeak “ahalduntzeko” beste ekintza bat dela. Orain morez jantzi den apalategian zeuden liburuak beste sailetara bideratu dituzte, eta horrela feminismoak liburutegian bere lekua irabazi du.
Bertan, berdintasuna ardatz duten argitalpenak bildu dituzte eta hura betetzea ahalduntze ariketa bat izango da. Herritarrek eduki feministak dituzten liburuen iradokizunak egin ditzakete, txokoa denen artean bete dadin. Atzoko irekiera Martxoaren 8rako herriko eragileek eta udalak sortu zuten programazioaren parte da.