Azken test estropadan, Hibaika egoki
Egoki aritu dira Hibaikaren seniorren bi traineruak azken test estropadan. Atzo goizean jokatu zuten San Pedro arraun elkarteak antolatuta denboraldia hasi aurretik taldeen artean termometroa jartzeko baliatzen dituzten jaitsieren azkena.

Esperotako emaitzak jaso dituzte. Egoki aritu dira Hibaikaren seniorren bi traineruak azken test estropadan. Atzo goizean jokatu zuten San Pedro arraun elkarteak antolatuta denboraldia hasi aurretik taldeen artean termometroa jartzeko baliatzen dituzten jaitsieren azkena. Errenteria-Oreretako ordezkariak ongi ibili ziren, aurreikusitakoak betez.
Emakumeen estropadan zortzigarren sailkatu ziren Hibaikako senior emakumeak. Irabazlea izan zen Tolosaldeak baino 34 segundo gehiago behar izan zituen Iñaki Mendizabalek entrenatzen duen taldeak. Azken hori berritasuna: Tolosaldearen garaipena. Hortzak erakutsi zituen eta oso-oso gertu gelditu Arraun Lagunaki aurrea hartzeko punturaino Hondarribiko test estropadan, baino azkenean segundo exkaxak Donostiakoen aldera eraman zuen bandera. Arantza hori kentzeko aukera izan zuten Tolosaldekoek atzoko estropadan irabazita.
Hibaikaren ontziaren aurretik sailkatu ziren Tolosaldea (Euskotren), Arraun Lagunak (Euskotren), Orio (Euskotren), Astillero (Euskotren), San Juan (ETE), Zumaia (Euskotren) eta Donostiarra (Euskotren). Hibaikaren ondotik berriz, Hondarribia (Euskotren), Kaiku (ETE), Zarautz (ETE) , eta Hernani (ETE).
Emakumeen sailkapena osorik ikusteko klik hemen. Bertan kontsulta daiteke ere Gazte eta Beteranoen sailkapena ere.
Hibaikako Gizon Seniorrak ere aurreko jaitsieretan bezala, atzokoan ere fin lanean. Hogeita bigarrenak sailkatu ziren errenteriarrak, lehenengoa sailkatu zen Orioko ontziaren 1:57,97ra.
Atzoko estropadan KAE2 Ligako lau ontzi aritu ziren lehian, eta horien artetik hirugarrena sailkatu zen Dani Cobjucek entrenatzen duen eskifaia.
Aurten sei ontzi ariko dira KAE2 Ligan Orio B, Busturialdea, Lutxana, Portugalete, Hibaika, eta Laredo (Kantabria, Espainia). Azken horrek, ezingo du igoera jokatu ez duelako derrigorrezkoa den harrobiko arraunlari kopurua betetzen.
Gizonen estropadako emaitzak ikusteko egin klik hemen (23. azaltzen da Hibaika sailkapen orokorrean, baina 22. postuan azaltzen den Urme Galiziako Ligako ontziak baino denbora hobea egin zuen).
Gainontzeko ontziei neurria hartzeko aukera izan eta gero, lanean jarraitzea dagokie orain Hibaikaren bi ontziei; emakumeen kasuan mailari eutsi, eta gizonenean, berriz, koska bat gora egiteko.