Gaur jokatuko dute Kattalin Arabolazak eta Egiar Otegik finala
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dute gaur, 20:00etan, Azpeitian. Sarrerak eros daitezke.
Gaur iluntzean jokatuko dute Azpeitiko Elikagunean Gipuzkoako Eskolarteko finala, eta bertan lehiatuko dira Kattalin Arabolaza eta Egiar Otegi oiartzuarrak.
Lau kanporaketa egin dituzte finalaren aurretik, eta Arabolazak eta Otegik saio bana irabazi dutenez, zuzenena pasa dira finalera.
Aurtengo finalean zortzi pertsona ariko dira bertsotan; iaz, aldiz 6, eta finalean lehen bi postuak eskuratzen dituztenak Euskal Herriko Txapelketara pasako dira.
Otegik Aretxabaletan abestu zuen, martxoaren 14ean, eta kontatu duenez, aste horretan gustura aritu zen bertsotan, eta saioa bera ere “ondo joan zen”.
Lehengo urtean ere pasa zen Otegi finalera, eta badaki, beraz, zein sentsazio izango dituen; urduri badago ere “lehengo urteko saioa baino hobea” egiteko asmoa du oiartzuarrak. “Euskal Herriko txapelketara lehen biak pasatzen dira; lehengo urtean zaila iruditzen zitzaidan, baina aurten ikusita kanporaketa bat irabazi dudala, aukera bat izan liteke”.
Arabolaza eta Otegi, biak ariko dira finalean, eta Otegik dio “ondo” daramala hori. “Badakit nola abesten duen [Kattalinek], eta ondo abesten du. Horrek urduritasun pixka bat sortzen dit, baina gustura nago berarekin ariko naizelako”, gehitu du.
Arabolazak ere izan ditu Otegiren inguruko hitzak. “Badakigu zein den bakoitzaren puntu fuertea eta zein ez, hortaz, momentu ez hain onetan oholtzan bertan animatzen zaituen norbait izatea oso garrantzitsua da. Esango nuke horrek lasaitzen nauela, babes bezala hartzen baitut. Egiar pasa zela jakiteak poztu egin ninduen; ez zait iruditzen bere aurka abestuko dudanik, berarekin baizik”, jarraitu du.
Era berean, gogotsu eta urduri dagoela nabarmendu badu ere, Arabolazak azaldu du gogoak irabazi egiten diola urduritasunari. Finala bigarren aukera bat bezala ikusten du, saioa kanporaketan “hain ondo” egin ez zituen gauzak berriz egiteko eta hobetzeko baliatuko baitu. Horretaz gain, aurretik abestu ez duen jendearekin abesteko eta Azpeitiko plaza ezagutzeko gogoa ere azpimarratu du bertsolariak.
Oarsoaldeko bost bertsolari
Ildo bereti, Arabolazak eskolarteko txapelketen garrantzia nabarmendu du, “bertsotan ari garenontzat plaza bat eskaintzen duelako. Ikusle modura ere gazte asko hurbiltzen dira, eta esango nuke horrek entzuleak motibatzen dituela. Afari giroan egiten dira kanporaketak eta baita finala ere, eta ariketaren bat trikitiarekin egiten denez giro oso polita sortzen da”.
Arabolazaren bigarren eskolarteko txapelketa da aurtengoa, eta esperientzia izate horre lasaitzen duela azaldu du. Errezilen abestu zuen, eta jende ezaguna eta familia ere bertan zituenez, “gustura eta seguru” aritu zen.
Finalean Otegi eta Arabolaza ariko dira, baina Peru Alijostes, Jare Antzizar eta Julen Olaizolak ere hartu dute parte. Xenpelar Bertso Eskolako kideak dira denak, eta Otegik penaz kontatu du bi baino ez direla pasa. “Bagenuen esperantza jende gehiago pasatzeko eta finala politagoa izateko”. Bost horietatik, gainera, lauk utzi egingo dute bertso eskola; Arabolazak oraindik beste bi urtez jarrai dezake Xenpelarren.
Afaria 20:00etan hasiko da, eta txartelak hemen eros daitezke.
Aurretik, ordea, Gelatik Plazara ekimeneko DBH mailako finala izango da 18:00etan Dinamoa Sormen Gunean, Azpeitin. Saio horretan Xenpelar Bertso Eskolako Eider Puy eta Inge Mitxelena ariko dira.
Finalean egin beharrekoak
- Lau oinak emanda, 8ko txikian, bertso bat.
- Binaka, 8ko handian, bina bertso.
- Binaka, 8ko txikian, bina bertso.
- Banaka, bi punturi erantzun 8kkok txikian; gai emanda bertso bat, gehienez 10eko handian.
