Arditurriko Bide Berdearen mapa aurkeztu dute
12 kilometroko ibilbidea aurkeztu dute, eta Errenteria - Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaia lotzen ditu ordu eta laurdeneko bideak.
Arditurriko Bide Berdea birgaitzeko prozesua amaitu dute dagoeneko, eta gaur bertan egin dute aurkezpena Oarsolanen. Proiektuak zenbait erakunderen laguntza izan du, eta zati batean Lehentasunezko Jarduera Guneetako funtsek finantzatu dute. Arditurriko Bide Berdearen gida Basquetourrek egin du, eta berau Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak; Aizpea Otaegi Errenteria – Oreretako alkate eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak presidenteak eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak aurkeztu dute.
Hurtadok hartu du hitza lehenbizi, eta nabarmendu du ibilbide hori birgaitzea Eusko Jaurlaritzaren, Oarsoaldeko udalerrien eta garapen agentzien arteko lanari esker lortu dutela. “Lehentasunezko Jarduketarako Eremuetara bideratutako funtsen bidez gure lurraldeko turismoaren eta ekonomiaren garapenerako funtsezkoak diren arloak biziberritzea lortu dugu”, gehitu du.
Milioi bat euro jaso du Oarsoaldeak, eta “aukera hori baliatu du zikloturismoaren aldeko apustua indartzeko”. Azpimarratu dute, gainera, jarduera hau garapen iraunkorreko motor gisa kokatzen dela, ez soilik termino ekonomikoetan, baita turismoa lurralde osoan modu ekitatiboan banatzeko, bisitak urtarokotasuna kentzeko eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeko duen gaitasunean ere. “Arditurriko Bide Berdearen gida beste tresna bat da turismo aktiboa sustatzeko, natura errespetatzen duena eta gure ondare industriala balioesten duena”, jarraitu du Hurtadok.
Dominguezen txanda izan da gero, eta hark Arditurriko Bide Berdea birgaitzeko ekimenen garrantzia azpimarratu du. “Horrelako proiektuek bisitarien banaketa orekatuagoa errazten dute, tokiko negozio txikiei, hala nola ostatuei, jatetxeei eta gida turistikoei, turismoak sortutako aberastasunaz baliatzen lagunduz”.

Otaegi eta Mendiburuk, bestalde, Bide Berdeak eskualde maila duen garrantzia izan dute mintzagai aurkezpen ekitaldian. Mugikortasun jasangarria bultzatzen duen elementu bezala definitu dute gida, baita eskualdeko turismo sarea egituratzen duen ardatz bezala ere.
Mapak 12 kilometroko ibilbidea irudikatzen du, eta Errenteria – Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaia lotzen baditu ere, gertuko beste bide berde batzuekin lotzeko aukera ematen du. Hala ere, zehaztutako ibilbidea ordu eta laurdeneko bidea da, eta, besteak beste, Aiako Harria Parke Naturala, Arditurriko Meategia, Luberri Geologia Museoa, Soinuenea herri musikaren zentroa eta San Marko gotorlekua barnebiltzen ditu.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren barruan kokatzen da, eta horrek bide berdearen trazaduraren hobekuntzak eta turismoa sustatzeko tresna digitalen garapena finantzatu ditu.
Ekitaldian azaldu dutenez, eskaintza berri horrekin Oarsoaldeak eskualdeko garapen ekonomikoaren eta ondare natural eta kulturalaren kontserbazioaren arteko oreka bultzatzen duen turismo eredu jasangarri batekin duen konpromisoa indartu dute.
