Biribilgune berriaren lanengatik Xorrola ez da Peñeneko geltokian geratuko
Gaur –hilak 7– hasiko dira Altzibar auzoko lanekin, eta jakinarazi dute Xorrolako erabiltzaileek Kaleberriako geltokia erabili beharko dutela bi hilabetez.
Altzibarren biribilgune berria egiteko lanekin hasiko dira gaur –hilak 7, astelehena–, eta Oiartzungo Udalak jakitera eman duenez, azpiegitura horrekin Kaleberria eta Araneder lotzen dituen bidegurutzeko segurtasuna hobetzea da helburua.
Lanek bi hilabeteko iraupena izango dutela zehaztu dute, eta bien bitartean Xorrolak duen geltokia –Peñene– itxita egongo da. Hortaz, erabiltzaileek Kaleberriako geltokira joan beharko dute zerbitzua erabiltzeko.
Halaber, Oiartzun – Donostia ibilbideko autobus geltokietan aldaketarik ez dela egongo jakinarazi dute.
