Elizaldeko auzogune berriaren inguruko ekarpenak jasoko dituzte
Gaur –hilak 7– izango da partaidetza saioa, 18:00etan, Landetxen. Lehen saiora joan ez zirenek ere badute bertaratzeko aukera.
Oiartzungo Udalak abiatu du Elizaldeko auzogune berria herritarrekin diseinatzeko partaidetza saioa. Urmendi haur eskola, Mendibil eta Tolarieta arteko espazioa garatuko dute datozen urteetan, eta “auzogune bizigarria, atsegina, irisgarria eta inklusiboa” izatea nahi dute. Gainera, nabarmendu dute 200 etxebizitza, plaza eta espazio zabalak zein ekipamendu publikoak ere aurreikusi dituztela etorkizuneko gune berri horretan.
Proiektuaren aurkezpenera 130 bizilagun bertaratu ziren, eta joan ez zirenek hemen ikus dezakete aurkezpena.
Bigarren pausu bat eman nahi dute bide berri horretan, eta gaur izango da horren txanda; izan ere, arratsaldeko seietan herritarren ekarpenak jasotzeko saioa egingo dute Landetxen. Udalak jakinarazi du lehen saiora joateko aukerarik izan ez zutenek ere parte hartu ahal izateko dinamika egingo dutela arratsaldean.
Hots, gaztelaniara itzulpen zerbitzua eta haurren zaintza zerbitzua egongo direla jakinarazi dute.

