Pasaiako 220. urteurrena, hizketagai Txema Ruizekin
Txema Ruizek Pasaiako mugei buruzko hiru hitzaldi eskainiko ditu aste honetan, Antxon, Donibanen eta Trintxerpen, 19:00etan.

Txema Ruiz historialari eta idazle antxotarrak Pasaiako mugei buruzko hitzaldi zikloari ekingo dio gaur. Orotara, hiru hitzaldi eskainiko ditu Ruizek, gaurtik (hilak 7) ostegunera (hilak 10) bitartean. Gaurko saioa Antxoko Kultur Etxean izango da; asteazkenekoa (hilak 9) Donibaneko udalbatza aretoan; eta ostegunekoa (hilak 10) Trintxerpeko liburutegian. Hiru hitzaldiak 19:00etan izango dira, eta Pasaiako historiari eta barrutiei buruzko ezagutzak partekatuko ditu, Pasaiako barrutiak eta badiaren inguruko komunitate mugakideekin izandako harreman zailak izenburupean.
Ruizek urtebeteko etenaldia egin du, osasun arazoengatik, eta pozik da solasaldiei berriro heltzeagatik: “Pasaitarrekin gure historiaz hitz egiteko berriro topo egin ahal izatea poz handia da. Etenaldi honetan etengabe aritu naiz ikertzen, eta irrikan nago gure barrutien bilakaerari eta Gipuzkoako historian izan duten paperari buruzko perspektiba berriak publikoarekin partekatzeko”.
Pasaiako Udalak adierazi du Ruizen ikerketa gai nagusietako bat Pasaiaren bilakaera markatu zuten muga administratiboen eta lurralde eztabaiden azterketa izan dela. Eztabaida hori, esaterako, Las difíciles relaciones de las comunidades de la Bahia pasaitarra con Donostia liburuan jasi zuen, eta udalak nabarmendu du lan hori “erreferente” bihurtu dela tokiko historiaren esparruan.
Idazle jardunaz gain, hizlari gisa aritu dela askotan, bere ezagutza hainbat forotara eramanez. Halaber, lankidetzan aritu da Antxotarrok Historia Mintegia Pasaiako ondare historikoa ikertu eta kontserbatzen duen elkartearekin.
Pasaia udalerri gisa eratu zeneko 220. urteurrena bete da aurten, eta hitzaldi zikloa egokitu egin dela jakinarazi du udalak, efemeride horretara egokitzeko. Hori dela eta, gaur hasiko diren solasaldietan Pasaiako barrutien bilakaera aztertuko du Ruizek, denboran zehar beren nortasuna nola eratu den aztertuz eta elkarbizitzarako proiektu komun batean batzen eta bereizten dituzten elementuak nabarmenduz.
“Iaz gatazkak eta eztabaidak aipatzen bagenituen, oraingoan, horiek bazterrean utzi gabe, komunitate gisa batuta mantendu gaituen horretan ere jarriko dugu arreta. Pasaia historia liluragarria duen udalerria da, portuak, arrantzak, industriak eta Donostiarekin duen harremanak markatuta, baina baita bertako jendeak bere nortasuna eta lurraldea defendatzeko duen gaitasunak ere”, esan du Ruizek.
Hitzaldiak argazki historikoekin eta Antxotarrok Historia Mintegiaren fototekatik ateratako beste material batzuekin ilustratuko direla aurreratu du udalak, Pasaiako eta bere barrutietako iraganean murgiltzeko.