Ikasleek Zerbitzu Saila ezagutu dute
Lizeoko, Anuntziatako eta Karmengo Amako LH5eko ikasleek Pasaiako Udaleko Zerbitzu Sailaren pabiloia bisitatu dute aste honetan, egiten duten lana bertatik-bertara ezagutzeko.

Pasaiako Udaleko Eskubidean planaren barruan, Pasaiako hiru ikastetxeetako LH5eko ikasleek Pasaiako Udaleko Zerbitzu Sailaren Donibaneko pabiloia bisitatu dute aste honetan. Ikasle kopurua handia denez, ikasleak bi txandatan banatu dituzte. Asteartean Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek egin zuten bisita. Atzo, aldiz, Anuntziata eta Karmengo Amako ikasleak izan ziren Donibaneko gunean.
Iraitz Pazok Hirigintzako eta Mantentze lanetako zinegotzia ikasleekin batera izan da bisitetan, eta adierazi du udalaren iniziatiba “oso didaktikoa” eta “dibertigarria” dela ikasleentzat: “Saila, instalazioak eta langileak ezagutzeaz gain, ikasleen egunerokoan eragina duten ohiko zerbitzuek nola funtzionatzen duten ikasteko aukera dute bisita hauetan adingabeek. Eta baita zerbitzuetako langileek erabili ohi dituzten erremintak probatzekoa ere”.
Bisita bost gunetan banatu zuten arduradunek. Ikasleak talde txikitan banatu eta Zerbitzu Saileko langileen azalpenak entzun zituzten. Iniziatibari buruzko azalpenak eman ditu Pazosek: “Udalean egunero dihardugu haur eta nerabeek herrian aktiboki parte har dezaten eta udal politiketan eragiteko aukera izan dezaten lanean. Helburu horiekin bat egiten du saiakera honek, eragiteko lehen urratsa baita ezagutza bera”. Eta jarraitu du: “Parkeak nola garbitzen diren, farolen funtzionamendua zein den… Eduki interesgarriak eta egunerokoak irakasteko helburua izan dute bisitek. Gainera, saio praktiko hauen bidez haurrak kontzientziatu nahi ditugu hondakinen eta garbiketaren inguruan”.
Hondakinen eta garbiketaren ildoa helduta, instalatu berri dituzten hiri garbiguneak bisitatu dituzte ikasleek aurten. Ikasleek espazio horiek bertatik-bertara ezagutzeko aukera izan dute. Zehazki, Donibaneko gunean izan dira, eta garbigunea barrutik ezagutzeaz gain, aukera izan dute bertan jaso behar diren material eta hondakinak bereizten ikasteko.