Bakailao pintxorik onena, Larraulgo Zirta jatetxearena
Gipuzkoako XI. Bakailao Pintxo Txapelketaren finala jokatu zen asteartean Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Asteartean jokatu zen, Donibaneko Juanba Besategi aretoan, Gipuzkoako XI. Bakailao Pintxo Txapelketaren finala. Onena, kostatik urrun samar den jatetxe batek egindakoa: Larraulgo (Tolosaldea) Zirta jatetxeko Iker Urangak egindakoa, Martizu izenekoa. “Pintxoa zurrukutana bat da, bakailao tripakiekin eta txingar maionesarekin betetako arrautza gorringoarekin. Sukaldaritza tradizionalari egiten diogun omenaldia da, horregatik ia ahaztuta dagoen betiko errezeta erabiltzen dugu. Gure tradizioarekin gauza modernoak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu eta garai honetara ekarri”; hala definitu zuen pintxoa Uranga irabazleak.
Bigarren saria Donostiako Muxumartin jatetxeko Bakailao ajoarrieroa fondant patatarekin eta arrautza frijituarekin izeneko pintxoak eraman zuen, eta hirugarrena pasaitar batek egin zuen: Donostiako Oquendo jatetxeko Carlos Nuez sukaldariak, No está revuelto de bacalao izenekoa.
Txapelketaren hamaikagarren ekitaldia Gilda eta Pintxoaren Kofradiak antolatu du, eta Pasaiako Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak sustatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Hala, sari emate ekitaldian, besteak beste, Pasaiako Udaleko Ondare eta Kultura zinegotzi Aitor Brion, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketarako diputatu Azahara Dominguez izan ziren. Brionek eskerrak eman zizkien lehian parte hartu duten sukaldari guztiei, eta antolatzaileen lana aitortu zuen.
Sonia Garciak, Gilda eta Pintxoen Kofradiako zuzendariak ere baikor hitz egin zuen Juanba Berasategin “Txapelketa honek bakailaoaren kontsumoa sustatzea du helburu, produktua indartuko duten kalitatezko sorkuntzekin. Beste urte batez, pintxoen ibilbidean eta txapelketan izandako esperientzia arrakastatsua izan da”.
Bakailao pintxoen txapelketaren epaimahaia honakoek osatu dute: Felix Manso Ibarla jatetxeko Felix Manso sukaldariak; Cynthia Yaber Donostiako Arzak jatetxeko sukaldari buruak; Josema Azpeitia kazetari eta Ondojan-en sortzaileak; Juan Manuel Garmendia Fecogako presidente eta Gastronomiako Euskal Akademiako lehendakariordeak; eta Alberto Santiago Santymar bakailao-enpresako gerenteak.
Jarraian, astearteko sari emate ekitaldiaren hainbat argazki, Pasaiako Udalak HITZAra bidalitakoak. Beheko koadroan, txapelketaren palmares osoa.

Gipuzkoako XI. Bakailao Pintxo Txapelketa Palmaresa.
- Lehen saria: Larraulgo Zirta jatetxeko Martizu pintxoa.
- Bigarren saria: Donostiako Muxumartin jatetxeko Bakailao ajoarrieroa fondant patatarekin eta arrautza frijituarekin pintxoa.
- Hirugarren saria: Donostiako Oquendo jatetxeko No está revuelto de bacalao pintxoa.
- Rueda jatorri-izeneko ardo zuriarekin egindako uztartze onenaren saria: Lasarte-Oriako Herriko Etxearen pintxoarentzat.
- Mikel Corcuera pintxo tradizionalaren saria: Donibaneko Ziabogaren pintxoarentzat.
- Marco Real ardo beltzarekin egindako uztartze onenaren saria: Irungo Manolo tabernaren pintxoarentzat.
- Bereziartua sagardoarekin egindako uztartze onenaren saria: Hernaniko Goiz Eguzkik egindako pintxoarentzat.
