Gazteak arrantzatuz arrantzarako
Blas de Lezok, besteak beste, arrantza arloko zikloak eskaintzen ditu. Zenbait kide gaur egungo arrantzaren egoeraz aritu dira.

Euskal Herriko historia funtsezko elementu batzuk osatzen dute; badira ekintza, lanbide eta ohitura batzuk zeinak urteen poderioz aldatzen ez direnak. Bai, ordea, eraldatu. Arrantza da horietako bat. Urte batzuk atzera eginez gero, ez da zaila konturatzea arrantza izan dela euskal familia askoren sostengua. Arrantzaleak ziren kostan bizi ziren familia asko eta asko, eta itsasora joanez lortzen zuten sendiko kideak mantentzeko behar adina diru. Euskal Herriaren identitatearen agiri garbia izan da urteetan itsasoa; ez dago inolako zalantzarik.
Baina urteek aurrera egin dute, gizarteak eboluzionatu egin du, eta pertsonek ere bai. Digitalizazioarekin eta gizarteak jasan duen eraldaketa prozesuaren ondorioz, ehunka lanbide berri sortu dira, eta arriskurik, betiere kakotx artean, sortzen ez dutenak dira horietako asko. Bulegoetan egikaritzen dira lan jarduera asko, baita kasu askotan telematikoki ere, norbere etxetik, goxotasunean, eta inora mugitu beharrik gabe. Garai batean arrantzara itsasora joaten ziren arrantzaleei eman behar gaur egungo egoeraren berri.

Blas de Lezok Ortze ontzia du, eta bertan egiten dituzte praktikak (ez da irudikoa).Imanol Saiz
Egunak, asteak eta hilabeteak ere ematen zituzten arrain bila itsasoan garai batean arrantzaleek. Eguraldi txarra nagusitzen zen askotan, eta, noski, familiarekin zein lagun edo inguruarekin komunikatzeko modurik ez zegoen. Portuak dauden herrietan ikusten dira ontziak oraindik ere, mugimendua dago, baina ezin aldera daiteke gaur egungo portuen argazkia duela urte batzuetakoarekin. Ontziak gutxi egin dira, flota gutxitu egin da, eta horren arrazoi nagusietako bat izan da jendea erretiratu egin dela, eta ez dela belaunaldi berririk sartu lanbide hori ikastera.
Esperantza omen galtzen den azkena, eta horixe bera ikus daiteke Pasaian dagoen Blas de Lezo Lanbide Heziketako eskolan. Aurrez aipatutako eraldaketa izan du hizpide Amaia Albizu Blas de Lezoko zuzendariak. “Denbora honetan guztian gure inguruneak eboluzio garrantzitsua izan du. XX. mendeko 50eko hamarkadan Pasaiako badian bakailao arrantzan oinarritutako ekonomiatik, beste industria batzuetara pasa gara, eta horrek eragina du”.
1912ko urtarrilaren 9an sortua, Espainiako Estatuko lehen arrantza eskola da Pasaiakoa. 1939an lekualdatu zuten Villa Salinas eraikinera. Hori «txiki eta zaharkituta» geratu zen 1969an, eta gaur egun dagoen eraikina inauguratu zuten lehen zegoen kokapen berberean. 2006an Itsasmendikoi SA sozietate publikoari atxiki zitzaion, eta 2021ean ikastetxea Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa Sailera [HUI]. Ibilbide horretako azken pausua urte berean, 2021ean, eman zuten. Blas de Lezo ikastetxea Hezkuntza Saileko ikastetxe integratu izatera pasa zenean CIFP Blas de Lezo LHI izenarekin.
D eredua ezarri dute
Albizuk eman du eskolaren berri, eta nabarmendu du azken urteetan ikastetxea “hazi” egin dela, eta gaur-gaurkoz dituzten zikloak zerrendatu ditu gero. Lau zutabetan bana daiteke eskaintza: Hasierako Lanbide Heziketa; Erdi Mailako zikloak; Goi Mailako zikloak eta Espezializazio programa.
Hasierako Lanbide Heziketan kirol ontziak eta aisiarakoak mantentzeko lanetako oinarrizko ezagutza profesionala, eta itsas eta arrantza jardueretarako oinarrizkoak ematen dituzte. Erdi Mailakoetan hiru ziklo ematen dituzte: Ontzi eta Itsasontzien Makineria Zaintzeko eta Kontrolatzeko Teknikaria; Nabigazioko eta Itsasertzeko Arrantzako Teknikaria, eta Urpeko Eragiketetako eta Eragiketa Hiperbarikoetako Teknikaria.
Goi Mailako zikloen kasuan bi gradu eskaintzen dituzte: Ontzi eta Itsasontzien Zainketa Antolatzeko Goi Mailako Teknikaria, eta Itsas Garraioa eta Alturako Arrantza. Espezializazio programa ere badute, eta alor horretan Arrantza Kapitainaren titulua eskuratzen dute ikasleek.
Aurten, gainera, aipatzekoa da lehen aldiz ezarri dutela eskolan D eredua, eta bi ziklotan jarri dute euskaraz ikasteko aukera: Erdi Mailako Urpeko Eragiketetako eta Eragiketa Hiperbarikoetako Teknikariaren zikloan, eta Goi Mailako Ontzi eta Itsasontzien Zainketa Antolatzeko Goi Mailako Teknikariaren zikloan hain zuzen ere.
Horretaz gain, Albizuk nabarmendu du itsasoratzeko beharrezkoak diren eta merkantzia ontziek zein arrantzakoek eskatzen dituzten ikastaro laburragoak ere ematen dituztela Lanbideren bitartez.
%5,83 baino ez emakume
Eskolan, orotara, 240 ikasle daude; horietatik 226 dira gizonak eta 14 emakumeak, %5,83, alegia.
Zenbaki horien aurrean Albizuk nabarmendu du “historikoki sektore maskulinoa” izan dela itsasoarena, baina urtero izaten dutela emakumeen ehuneko “txiki” bat. “Nire esperientziatik abiatuta, mundu gogorra da denentzat, ez da bereziki gogorra neskentzat. Norberaren jarreran eta izaeran dago itsasontzien mundu itxian txertatzea”, jarraitu du.
Alex Barrenetxea mutrikuarra da, eta 2015etik da Blas de Lezon irakasle. Arrantza arloko irakasgaiak ematen ditu, nahiz eta teknikoki Arrantza Teknologia irakaslea izan, eta alderdi teorikoa zein praktikoa uztartzen ditu. “Arrantza ez da bakarrik korapilo batzuk egitea edota amu bat korapilatzen erakustea; ontzi batean arrantza egiterakoan lagungarri izan daitezkeen zein aparailu dauden erakusten dut, maniobrak nola egin ere bai, baita sarea nola bota ere. Arrantza mota ezberdinak lantzen ditugu oro har, arrantza profesionala, alegia”. Familia arrantzalea izan du Barrenetxeak, aita eta aitona arrantzaleak ziren, eta bera ere 17 urtez ibili da itsasoan. Esan daiteke, hortaz, badakiela zertaz ari den hitz egiten.
Eskolaren arloari tiraka, mutrikuarrak kontatu du «normalean» ez direla emakumeak etortzen, eta bertaratzen diren asko altuerako arrantza patroien arlotik, bidaiarien ontzietako langile izateko etortzen direla nabarmendu du. Arrantzari dagokionean, kontatu du aurten sei emakume daudela horri lotutako ikasgaietan, eta ziurtasun osoz dakiela horietatik gutxienez bi unibertsitatera joango direla gero. “Arrantza mundurako gutxi etortzen dira, baina etortzen diren horiek jakin-min handiarekin etortzen dira”, jarraitu du.
Baina arrantzan emakume gutxi egotea ez da kasualitatea. Baxurako ontzien adibidea eman du irakasleak emakume falta horri nolabaiteko arrazoi bat bilatzeko.
Baxurako ontzi handienek 35-38 metro izaten dituzte, eta txikienek, berriz 10 metro. Halaber, kamarotea edo lotarako lekua bat eta bakarra izaten da ontzi horietan, “eta normalean 15 pertsona egoten dira; hortaz, intimitate kontuetan-eta barkuak ez daude batere ondo prestatuta emakumeentzako”, jarraitu du. “Inolako arazorik gabe joan daitezke, noski, baina armadoreak ez dira ausartzen. Neska batzuk esan dute joan nahi dutela, baina orain arte ez dugu eduki inor esan duena horrelako ontzi batean emakume bat hartuko duenik. Barku txikiagoetan bai, baina hamar bat metroko barkuetan nik dakidala bi emakume izan ditugu, eta aurten hirugarrena joango da, baina denak barku berean izan dira. Armadore bat da eskaintzen dena horretarako”, zehaztu du.
Patricia Elduaien Blas de Lezoko ikasle ohia da, eta lau hilabetez atunontzi batean izan duen esperientzia kontatu die gaur egungo ikasleei. Somalia aldean izan da Elduaien, “piraten zonaldean”, eta nabarmendu du nahiz eta emakumeak arrantzan izan, lanerako bere ikaskideak [mutilak] baino geroago deitu zutela kontatu du.
Jende falta lanbidea mantentzeko
Cristina Moran eta Ioritz Enparan hondarribiarrak dira; 28 urte ditu lehenak eta 19 bigarrenak, eta gelakideak dira Blas de Lezon. Biak datoz herri beretik, eta familiek antzekotasunak badituzte ere, ezberdina da arrantzarekin duten harremana.
Moranen familiak “betidanik” izan du ontzia, eta bere osaba gaur egun arrantzalea dela gehitu; hala ere, azaldu du arrantzaren munduan deus jakin gabe sartu zela. Enparanen kasuan, berriz, aita arrantzalea du, eta ama zein aitaren aldeko aitonak ere arrantzaleak ziren, beraz, txikitatik “gertutik” bizi izan duen zerbait da arrantza. 12 urterekin hasi zen aitari arraina deskargatzen laguntzen, eta segituan izan zuen argi itsasoan egin nahi zuela lan. Alabaina, aitak esan zion itsasora joan nahi bazuen joateko, baina titulua eskuratu behar zuela horretarako. Enparanek goi mailako ikasketak bukatutakoan Arrantza Kapitainaren titulua aterako du, eta gero “hemen geratzea” pentsatu du, baxuran lanean, “eta posible bada patroi bezala ontzi batean”. Moran, haatik, merkanteen aldetik edo ozeanografiaren aldetik joango da, ikerkuntza arlotik, alegia.
Albizuk hasieran aipatu moduan, Barrenetxeak ere nabarmendu du arrantzaren egoera “asko” aldatu dela azken urteetan. “Euskal Herriko egoera arrantza munduari dagokionean nahiko pobrea da lehengoarekin alderatuta. Baditugu barkuak, baina daudenak egonda ere, arazoa da jende gaztea behar dela”. Ildo horretatik, haurrei transmititzen zaizkien mezuek, bere ustez, eragina badute ere, soldaten eguneraketa da jende berriaren faltaren arrazoi nagusia. Mutrikuarrak kontatu du lehen ezberdintasun handia zegoela soldatan lehorrean eta itsasoan lan egiten zutenen artean, baina orain kopuru horiek “asko berdindu” direla azaldu du. Baina, hala eta guztiz ere, ez da bere aburuz arrazoi bakarra. “Gizarteak horrenbeste eboluzionatu du non gazteek aukera asko dituzten ikasketak egiteko. Hortaz, gazte batek irabazi behar badu berdintsu etxetik lan eginda edota hilabete askoz kanpoan lan eginda, jendeak ez du aukeratuko itsasora joatea. Horrexegatik uste dut mantendu egin behar dela soldata ezberdintasun hori, nahiz eta badakidan ez dela erraza, ematen dizkiguten kuotak ez baitira handiak”.

‘Simuladorea’ izeneko gela bat dute eskolan, eta hor izaten dute ikasleek ontziarekin lehen hartu-emana.Imanol Saiz