'Miñan' antzezlana egin dute Landetxen Elizalde Herri Eskolakoek
Munduak nola funtzionatzen duen ikustea eta migrazioaren inguruan dagoen ikuspegiaren aurrean ikasleek irizpide propioa sortzea izan dira helburuak.

Elizalde Herri Eskolako haurrek Miñan antzezlana egin dute asteon Landetxe Kultur Aretoan. Heziketa fisikoa irakasgaian sortutako proiektua da; izan ere, programazioaren zati batean gorputz adierazpena lantzen dute, eta lehenengo mailatik seigarrenera arte Lehen Hezkuntza osoan “garrantzia handia” ematen diote gazteek beraien konpetentzia motor horien barruan komunikatzen eta adierazten jakitea.
Laburmetraiak, koreografiak, dantzak… Denetarik egin izan dute ikasleek, baina antzerkia urteko lantzen dute seigarren mailako ikasleekin. Aurten LH 5 eta 6ko haurrek Miñan liburua irakurri dute, eta hori aitzakia gisa hartuta erronka modura hartu zuten heziketa fisikoko irakasleak gela bakoitzeko tutoreekin lankidetzan koordinatu eta gidoia moldatu, antzerki modura idatzi eta ikasleak antzeztera animatzea.
Irakasleek argi zuten zer lortu nahi zuten proiektu honekin: “Prozesu honek ematen digu aukera ikasleei ulertarazteko munduak nola funtzionatzen duen eta baita migrazioaren inguruan dagoen ikuspegiaren aurrean euren irizpide propioak izateko ere. Ikus dezatela ez direla albiste puntualak eta egunero gertatzen direla horrelakoak. Lanketa bat eginda ikasleek kontzientzia hori lantzea eta garatzea izan da helburua”.
Gainera, gehitu dute “izugarrizko lankidetza proiektua” izan dela, nahiz eta hasieran ikasle batzuei inplikatzea kostatu zitzaien. “Oso polita izan da ikustea nola azkenerako denak inplikatu diren eta Landetxeko oholtzan modu ia profesional batean antzeztu duten. Nola ahaldundu diren ikustea oso polita izan da”, amaitu dute.