"Musikak eman didan gauza onena da Alaitz ezagutu izana"
Hatortxu Rock jaialdiak zenbait talderen itzuleraren berri eman du sare sozialen bidez eta horien artean daude Alaitz eta Maider. Zabalegik hitz egin du kontzertuaren inguruan.

Alaitz eta Maider talde mitikoa osatzen dute Alaitz Telletxea Tolosak eta Maider Zabalegi Galardik. 2004an eman zuten talde moduan azken kontzertua oiartzuarrek, baina berriki Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan abestuko dutela jakinarazi dute. Tarteka kolaborazioak egiten dituzte, gustura eta babespean sentitzen diren espazioak eta aukerak baliatuz.
Noiz izan zen zuen azken kontzertua?
2004an. Tristea izan zen, bukaera guztiak baitira tristeak eta gogorrak. Hunkituta nengoen barrutik, ez zitzaigun erraza egin horrelako erabaki bat hartzea. Urte bereziki politak izan ziren, beraz, egun tristea izan zela esango nuke. Era berean, esan behar dut oso polita izan zela. Oso ondo inguratuta eta babestuta geunden, herrian eman baikenuen azken kontzertua, kiroldegian. Lekua bera nahiko hotza bada ere, nik uste dut herriko jendea eta benetan maite genituen pertsona guztiak hor egon zirela. Goxoa ere izan zen, bai.
Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan igoko zarete berriz oholtzara. Zer dela eta?
Hatortxu Rock-en azken urtea zela esan ziguten antolatzaileek, aro baten amaiera ikusten zutela, eta talde ezberdinetako jendea eraman nahi zutela. Lazkaon elkartu ginen haiekin, eta planteatu ziguten modua oso hunkigarria iruditu zitzaigun bioi. Ez genuen zalantzarik izan.
Gainera, itzulera bat da, bai, baina kolaborazio gisara goaz, eta kantu pare bat joko ditugu. Horrek, beraz, ez digu suposatzen entseguekin egon beharra; zerbait oso sinbolikoa eta benetan gustura egingo duguna da.
Urte hauetan jaso duzue proposamenik beste kontzerturen bat emateko?
Bai. Duela bi urte Et Incarnatus Orkestrarekin egin genituen emanaldi batzuk, eta aurtengo udarako ere baditugu bi kontzertu aurreikusita beraiekin egiteko.
Haiekin seguru eta gustura sentitzen gara. Egun, gustura egiten ditugun gauzak aukeratzen ditugu, eta horrelakoak hartzen ditugu aukera bezala biok egun pasa bat egiteko eta gure buruari opari bat egiteko. Normalean bi kantu edo hiru egiten ditugu.
Emanaldi horiek piztu dute zuengan berriz Alaitz eta Maider proiektuari heltzeko harra?
Oraingoz behintzat argi daukagu etapa hori amaitu zela. Itxi genuen, eta hortik geldi zitekeen gauza politenak geratu dira, hala nola gure arteko maitasun eta laguntasun inkondizional hori, eta hortik aurrera tarteka ateratzen diren aukerak baliatzen ditugu benetan ikusten badugu energia askorik ez dugula utziko horietan, eta asko gozatuko dugula.
Erabaki duzue zein abesti joko dituzuen?
Asteburuan Landetan egon gara, eta bertan geundela erabaki genuen zein abesti joko ditugun Lakuntzako jaialdian.
Zer izan da zuretzat Alaitz eta Maider?
Uste dut bizitzan badaudela gauza batzuk deskribatzeko oraindik hitzak sortu ez direnak, eta hitz horien ordez adierazi daitezke sentimendu horiek besarkada batekin, begirada batekin, keinu batekin… Alaitz eta Maiderrek niri eman didana hitzekin adieraztea oso zaila egiten zait. Gauza asko ukitzen ditu emozionalki, pertsona bezala… Nire bizitzako opari handienetako bat izan da Alaitz eta Maider. Beti esaten dut musikak eman didan gauza onena izan dela Alaitz ezagutzea, eta laguntasun horrek nora eraman gaituen ikustea. Izugarrizko oparia izan da niretzat.
Alaitz eta Maider bukatu zenetik elkartu zarete musika egiteko?
Elkartu gara kasu konkretu batzuetan zerbait egiteko eskatu digutelako, adibidez lehen aipatu dudan Et Incarnatus-ena bezala. Baina askoz gehiago elkartu gara lagun moduan. Egin ditugun elkarlanak gauza konkretuak izan dira, Huntzaren azken kontzerturako elkartzea bezala, baina hori bera ere emanaldi bat baino gehiago izan zen. Hartzen ditugun emanaldiak izaten dira gero ahalbidetzen digutenak elkarrekin egotea.