14 bizikleta elektriko berri eskuratu ditu udalak
Egun 19 bizikleta elektriko dituzte eskuragarri pasaitarrek. Bost gunetan izango dira eskuragarri, lau barrutietan.

Pasaiako Udalak bizikleta elektrikoen flota berritu du. 14 bizikleta eskuratu berri ditu erakundeak, eta orain arte erabilgarri izan diren 5 bizikletei gehitu zaizkie azken berri hauek, 19 daude orotara. Julen Rodriguez Kiroletako zinegotziak aipatu du udalak “kirolaren eta bizi kalitate osasuntsu baten aldeko apustuarekin jarraitzen” duela: “Eguraldi ona dator eta aukera bikaina da bizikleta hartu eta Pasaian, Donostian edo Oarsoaldeko udalerrietan barrena ibiltzeko”.
Bizikleta berriak eskuratzeko 14.703,58 euroko inbertsioa egin dute, eta kopuru hori Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntza bati esker finantzatu dute (3.780 euro eman dizkio udalari erakundeak).
Aipatutako 19 bizikleta horiek bost gunetan izango dira eskuragarri: San Pedroko udal gimnasioan; Trintxerpeko Kirol Sailean eta kirol gunean; Donibaneko kirol gunean; eta Antxoko Ibaiondo pilotalekuan (aurki jarriko dute erabilgarri zerbitzua bertan).
Hiru aukera izango dira bizikletak eskuratzeko. Lehenik, Pasaiako kirol guneetako bazkideek zerbitzua doan izango dute, abonuaren indarraldia bukatu arte; bigarrenk, Pasaian erroldatuta dauden baina bazkide e zdiren herritarrek urteko txartela eskuratu beharko dute (10,91 euro); hirugarrenik eta azkenik, herrian erroldatuta ez daudenek eta bazkide ez direnek erabileraren araberako tarifak ordaindu beharko dituzte (1,5 ordu: 5,45 euro; 3 ordu: 8,75 euro; goiz edo arratsalde osoa: 13,07; eta egun osoa: 19,55 euro).
Alta emateko HAZ bulegoetara edota aipatutako kirol guneetako jo beharko dute pasaitarrek.
Bizikletak hartzeko prozesuaren gaineko informazio eta xehetasun guztiak, webgune honetan kontsulta daitezke.