Euskaraldiko III. erakusleiho lehiaketa, martxan
Oarsoaldeko lau udalek, Euskara Batzordearen bitartez, merkataritza, ostalaritza eta saltokietako erakusleihoak nahiz establezimenduak apaintzeko lehiaketa antolatu dute. Maiatzaren 8a da izena emateko azken eguna.

Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltokietako erakusleihoak nahiz establezimenduak apaintzeko lehiaketa antolatu dute, hirugarrenez. Lehiaketa hori Euskaraldiarekin dago lotuta. Halaber, urteko 365 egunetan Oarsoaldeko lau udalek merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko gauzatzen duten Prezio berean, euskaraz! egitasmoarekin ere dago lotuta.
Lau udalek dei egin diete eskualdeko merkatari, ostalari eta establezimendu guztien jabeei Euskaraldiaren bueltan antolatuko den iniziatiban parte hartzera. Antolatzaileek adierazi dute, komertzioak apaintzeaz eta kaleak alaitzeaz gain, Euskaraldiari bultzada eta ikusgarritasuna emango zaiola abiatuko den egitasmoari esker. Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek maiatzaren 8ra arte dute izena emateko aukera. Horretarako galdetegi bat bete beharko dute, gaurtik aurrera.
Lehiaketa saltoki guztiei begirakoa dela nabarmendu dute sustatzaileek. Euskaraldia hitzak nahitaez egon beharko du bistan; hortik aurrera, norberak erabakiko du nola apaindu nahi duen bere erakusleihoa. Lehiaketara batzen diren establezimenduei, gainera, Euskaraldiaren banderatxo bana emango diete antolatzaileek. Euskaraldia edota euskara dira saltzaileek jorratu beharko dituzten gaiak erakusleihoak apaintzeko.
Erakusleihoak, gutxienez, maiatzaren 9tik 25era bitartean egon beharko dira apainduta. Epaimahaikideko kideek maiatzaren 9tik 16ra bitartean ikuskatuko dituzte erakusleiho parte hartzaileak, eta horiek ikusi ahala, balorazioak egingo dituzte. Epaimahaiak maiatzaren 19an jakinaraziko ditu eskualdeko eta herri bakoitzeko irabazleak nor diren. Establezimendu irabazleak 400 euroko balioa duen deskontu bonu sorta eskuratuko du bere bezeroen artean banatzeko. Herri bakoitzeko irabazleak, aldiz, 200 euroko bonua jasoko du.
Lehiaketaren oinarriak esteka honetan kontsulta daitezke.