Gurenda Erkizia eta Angel Utxaren ekarpenari aitortza
Sagardo Egunari eta herrigintzari egiten dioten ekarpena aitortu diete jaiaren antolatzaileek Gurenda Erkizia eta Angel Utxari. Hunkituta jaso dute aitortza.

Hunkituta eta eskertuta. Horrela daude Gurenda Erkizia eta Angel Utxa. Haiek dira aurtengo Sagardo Egunaren omenduak, urte luze-luzeetan Errenteria-Oreretan zein inguruko herrietan erreferentziazkoa bihurtu den jaiari egiten dioten ekarpen isil, handi, eta arduratsuarengatik. Oreretako Sagardo Eguna existitzea, handitzea, zabaltzea, herritarren festa izatea ahalbidetzeagatik egin diete aitortza biei. Hilaren 12an omendu zituzten biak, Sagardo Eguna aurkezteko prentsaurrekoan. Sagardoa izango da protagonista biharko festa handian, baita Erkizia eta Utxa ere.
Oso gogoan du Utxak noiz hasi zen Sagardo Egunean laguntzen. “1992an izan zen, 33 urte bete ditut aurten jai polit eta handi honetan ahal dudana laguntzen”. Sukaldean aritzen da bera jatekoak-eta prestatzen egunaren aurretik, eta egunean bertan. Sagardoa zerbitzatzen ere aritu da urte luze hauetan arratsaldez, biharkoan aukerarik izango ez badu ere horretarako, beste konpromiso bat duelako. Erkiziak ez duela gogoan noiz hasi zen aitortu du, baina berak ere urte mordoa darama: “Taloak egiten hasi nintzen lehenik, eta gerora, edalontzi eta zapiak saltzeko postuan hasi nintzen. Horretan jarraitzen dut, eta oso gustura egiten dut, ez baitut lana dela kontsideratzen. Batekin eta besterekin hitz egiten aritzen gara, gustura, pozik”.
Sagardo Egunak eurentzat suposatzen duena galdetuta berehala erantzun du Erkiziak, “egun polita da niretzat. Sagardo Eguna madalenen bezperako eguna bezalakoa da niretzat”. Bat egin du Utxak, “Santomas, Sagardo Eguna, eta madalenak daude, horiek dira garrantzitsuak”. Sagardo Eguna ere egun polita da Utxarentzat, baina aitortu du leher egina bukatzen duela: “Lur jota bukatzen dut eguna. Ostegunean hasten gara prestatzen otorduak-eta, ostiralean ere lanean aritzen gara, eta larunbatean azken txanpa egiten dugu. Janaria banatzen aritzen gara, eta arratsaldez, sagardoa zerbitzatzera joaten naiz. Nekea sumatzen da”. Nekeak neke, ez dute inongo asmorik momentuz Sagardo Egunari egiten dioten ekarpen handia baztertzeko, “ahal dugun bitartean laguntzen jarraituko dugu”.
Espero ez zuten omenaldia
Bi sagarrondo berri ditu Arramendin kokatutako Sagardo Egunaren sagastiak, Erkiziak eta Utxak hilaren 12an landatu dituztenak. Aurtengo omenduetako bat bera zela oroituta hunkitu egin da Erkizia. “Ez nuen inondik inora espero. Lagundu dut, baina nire lana oso xumea izan da. Sorpresa handia izan da, eta bizitzan lehen aldia da halako zer edo zer egiten didatela, oso pozik nago”. Penatuta dago Erkizia ez zuelako erreakziorako tarterik izan, “han gelditu nintzen zer esan jakin gabe, eta pena dut beste jarrera bat eduki ez izanaz. Oso polita izan da”.
Haren izena aipatu zutenean jakin zuen Utxak bera zela beste omendua. “Gorri-gorri jarri nintzela sumatu nuen, ez nuen espero inondik inora. Oso polita izan da. Harrituta nengoen bileretara joan eta ez nekielako zein aukeratu zituzten omentzeko aurten, eta hara, ni nintzen horietako bat”. Arbolak Arramendiko sagastian landatzea berezia izan da bientzat, hala esan dute, baita Agurra dantzatu zieten unea ere, edo bertsolariaren saioa. Txotxa ere egin zuten biek. Utxak Sagardo Egunaren sagastiko zuhaitz kopurua kontatu zuen, “60 daude jada. Nirea Fausto [Anza] zenaren arbolaren parean dago”.
Biharko Sagardo Eguna nola biziko duten galdetuta barrez erantzun du Utxak, “lan eta lan”. Aipamen berezia egin dio jaiak hartu duen erreferentzialtasunari Erkiziak, inguruan egiten direnen artetik handienetakoa dela uste du, “sentsazio hori dut nik. Jende askorentzat Oreretako Sagardo Eguna erreferentziazko jaia da, giroa apartekoa da”.
Zalantzarik ez dute ekarpena egiten diola festa honek herriari, eta batez ere antolaketaren arloari erreparatu dio Erkiziak. “Santomas Egunak bezala, Sagardo Egunak askotariko eta adin ezberdinetako jendea jartzen du lanean. Aurre lanketa handia du egunak, hiru hilabetetik gorako antolaketa eskatzen du, eta askotariko jendea biltzen da laguntzera adin guztietakoa. Giro bat sortzen da, sare bat, elkarte mordoak egiten dute bat, eta oso lan txukuna dago atzean. Horrek ekarpena egiten dio herriari, saretze bat dagoelako bertako eragile eta norbanakoen artean, elkarlana”.
Horri egunak berak mugitzen duen herritar eta bisitari mordoa gehitu behar zaio. “Pozik dago jendea emaitzarekin, egun biribila, polita eta landua delako”, erantsi du Utxak. Talde motorra osatzen dutenei “aitortza” egin dio, “lan ikaragarria egiten dute dena lotu eta ongi atera dadin, izugarria da duten gaitasuna”.
Deia gazteei, gerturatzeko
Dei berezia egin diete gazteei Erkiziak eta Utxak. Diotenez, egunean bertan lagundu eta lanerako prestu izaten dira belaunaldi gazteagoak, ez ordea antolaketan aritzeko, eta ezinbestekoa deritzote lekuko aldaketa egin ahal izateko. “Zoritxarrez denean gertatzen ari den zerbait da, puntualki laguntzeko bai, baina gehiago inplikatzeko ez daude prest”, esan du Erkiziak. Bihar, Oreretako Sagardo Egunera gerturatzen direnek primeran pasatzeko aukera izango dutela esan du Utxak, “Paregabea izango da sortuko den giroa, oso berezia da, polita”. Gozatzera bai, baina errespetutik. Hala esan du Utxak: “Besteekiko errespetu osoz gozatzera deitzen dugu jendea, edalontziak eta botilak lurrera bota gabe”. Udalerrian biharko jaiaren harira puntu morea izango dela esan du.
Dei bera egin die Erkiziak herritarrei zein herritik kanpo helduko direnei, “jende asko-askoren lan ikaragarri handia dago egun honen atzean, egun polita da horri esker, errespetuz aritzera deitzen dugu jendea”.