Hibaika, Koxtape eta Sanpedrotarra Espainiako Batel Txapelketara sailkatu dira
Gaur jokatu dute sailkapen estropada, eta Hibaikaren Gazte eta Senior Emakumeak, Koxtaperen Senior emakumeak eta Gazte Mutilak, eta Sanpedrotarraren Gazte Mutilak lortu dituzte finalerako txartelak. Koxtape taldeko Kadete Neskak, B txandan ariko dira.

Indartsu dator harrobia, ez da zalantzarik. Espainiako Batel Txapelketa jokatzen ari dira gaur eta bihar Castro Urdialesen (Kantabria), eta Oarsoaldeko ontziek lortu dituzte hainbat txartel Batel denboraldiari ginga ezin modu hobean jartzeko.
Kanporaketak jokatu dituzte gaur 10:30etan hasita eta emaitzak bikainak izan direla ezin uka. Hibaikako Senior Emakumeek bigarren denbora onena egin dute gaurko kanporaketa horietan eta txartela erraz lortu dute bihar A finalean aritzeko. Batel denboraldi bikaina egin dute errenteriarrek, eta aukera guztiak dituzte emaitza bikaina lortuta itzultzeko etxera. Koxtapeko Senior emakumeak ere finalean ariko dira; bosgarren denbora onena egin dute arroxek gaurko kanporaketan, eta horiek ere, etxera ekarri nahi dute saria lepotik zintzilik.
2.000 metroko estropada egin beharko dute bihar, gaur bezala. Arerio, Astillero, Vilaxoan eta Chapela —gaurko emaitzak ikusteko egin klik hemen—. Errenteria-Oreretako ontzian, Itxaso Murcia Susenena, Ane Aiestaran Etxebeste, Maddi Insausti Intziarte, Amaiur Garcia Rincon arraunlariak ariko dira lehian eta Inge Ugarte Gartziandia patroi lanetan.
Sanjuandarren ontzian, Aiora Calvo Arbona, Alaitz Urtizberea Gastañares, Maddi Gereño Legorburu, Amaritu Lopetegi Aramendi eta Anertz Gereño Legorburu patroi lanetan.
Gazte Mailako Emakumeetan Hibaikak ere lortu du txartela Espainiako Txapelketako finalerako. 13:30ean jokatuko da eta Oarsoaldeko ordezkari bakarrak izango dira errenteriarrak. Gaurko sailkatze estropadan bosgarren denbora onena egin dute, eta hortaz, bihar, A finalean ariko dira. Arraunean, Malen Irurzun Alzualde, Elene Telletxea Iarzabal, Laura Garcia Rincon eta Jare Lasa Betelu; patroi lanetan, Senior Emakumeetan ariko den Inge Ugarte Gartziaindia ariko da. (Gaurko emaitzak, hemen klik eginda) Indartsu dago arrauna Oarsoaldean, eta pozgarria da hori, are pozgarriagoa, emakumeen kirola lehen lerroan jarri dutelako Hibaikaren Senior eta Gazte Emakumeen, eta Koxtaperen Senior Emakumeen eta Kadete Nesken ontziek.
Txartela lortu duten beste bi ontzi ere badira. Pasai Donibane Koxtapeko Gazte Mutilen kategoriako arraunlariena da horietako bat. Indar erakustaldia egin dute batel denboraldi osoan, eta gaur ere hala aritu dira bigarren sailkatuta kanporaketa proban. Lan bikaina egiten ari dira sanjuandarrak. Urrea esku-eskura dute, dena ondo bidean, eta bihar azken saiakera egin beharko dute sari preziatua lortzeko. Kategoria bereko Sanpedrotarra ontzia ere A finalean arituko da bihar 13:45ean hasita. Txartela lortzeko gogor borrokatu dira, eta biharko finala ez dute esku hutsik bukatu nahiko horiek ere. Koxtapeko tostetan Lander Etxabe Etxeberria, Eneko Jauregi Berrotaran, Hugo Ogallar Jimenez, eta Enaitz Alfonso Legorburu ariko dira Asier Iparragirrre Martinez patroiaren aginduetara. Sanpedrotarraren ontzian, Beñat Segurola Baqueriza, Ekaitz Rodriguez Andres, Ur Muniategiandikoetxea Laskurain, Beñat Mayo Salaberria eta Laia Garcia Iriondo patroi. Astillero, Cabo eta Chapelak osatuko dute biharko finalerako arerio taldea. (Emaitzak ikusteko klik hemen)
Azkenik, ohorezkoan ez, baina B finalean lehiatuko dira Pasai Donibane Koxtapeko Kadete Neskak (Emaitzak ikusteko klikatu hemen). Club de Remo Actividades Nauticas, Astillero, Pedreña, eta Vila de Cangaseko tripulazioekin lehiatuko dira arroxak. Ontizan, Arixe Calvo Arbona, Kenia Bermudez Sayens, Leire Erzibengoa Rekarte, Iraia Kortajarena Arrizabalaga, eta Anertz Gereño Legorburu patroi lanetan. Azken hori Senior Emakumeekin ere ariko da patroi.