Goiatz Labandibarrek 'Eresia. Hil-kanta aitari' liburua aurkeztu du
Pertsonaia publikoen bizitza pribatuan beraien ingurukoek zer pentsatzen duten da liburuaren ardatza. Doluaren bidez egiten du kontaketa Tala protagonistak.

Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak Eresia. Hil-kanta aitari liburuaren aurkezpena egin du gaur Donostian. Nobela labur bat da argitalpen berria, eta horrela labur daiteke: ‘Pertsonaia publikoen bizitza pribatuan zer pentsatzen dute euren ingurukoek?’
Rebecca Solnit idazle eta kazetari estatu batuarraren liburu bat ari zen irakurtzen oiartzuarra gaur aurkeztu duen liburuaren inguruko gogoeta lehenengoz egin zuenean. Solniten liburuak egiten zuen hausnarketa bat zeinetan kontatzen zen ziurrenik Martin Luther King aita txarra izango zela bere hiru seme alabentzat, baina gizarteari eman ziona asko garrantzitsuagoa zela etxean ez zuten hori baino.
Une horretan Labandibarrek bere buruari galdetu zion ea seme alabek zer pentsatuko duten aitaren inguruan. Eta, horra, hor hasi zen Eresia eraikitzen. Horretarako “erabat fikziozkoak” diren pertsonaiak eta testuinguruak sortu ditu; etorkizuneko euskal errepublika independente batean kokatu du nobela, baina idazleak, haatik, ez du etorkizun hori zehaztu. “Niri oso zaila egin zitzaidan, eta errespetua ere ematen zidan hezur haragizko norbaiten azalean sartzea”, azaldu du idazleak.
Testuinguru hori sortzen hasi zenean, Aitzol Agirre izeneko heroi nazional bat sortu zuen Labandibarrek. Euskal errepublika independente horretako lehenengo lehendakari izandakoa litzateke Agirre, eta haren alaba Talak kontatzen du istorioa lehen pertsonan. Zehazki, aitaren heriotza eguna eta hurrengo egunak deskribatzen ditu protagonistak.
Dolua satiratik
Labandibarren hitzetan, beraz, nobelak kontatzen du askotan iritzi publikoak goraipatzen duela pertsona horren atzean zer dagoen. “Dolu baten istorioa ere bada: urruntze fisiko eta urruntze emozional bat kontatzen du”, jarraitu du. Oiartzuarraren iritziz, heriotzak badu halako lilura bat edo dena on bihurtzeko gaitasun bat, eta hor girotzen da Eresia.
Alabaina, aurkezpenean azpimarratu nahi izan du nobela satira bat ere badela. “Umore eta ironia tonu bat badu; oro har, dibertsio tonu bat du, eta hori nahita bilatutako zerbait izan da nik irakurleei Tala sinpatikoa izatea nahi dudalako. Ez nuen pertsonaia negarti bat egin nahi”.
Tala da liburuko protagonista, nahiz eta bigarren mailako pertsonaiak ere badauden: batzuk Agirreren alderdiarekin lotutakoak, dira, Talaren bizitza pertsonalekoak ere badaude, baina Tala da pertsonaia nagusia.
Azkenik, idazketa prozesuaren inguruan galdetuta, oiartzuarrak kontatu du liburu hau idatzi duela bere idazteko modua ez den era batean; idazketa azkarra egin duela, alegia.
Nobela kapituluka dago banatuta, eta kapitulu bakoitza Agirreren agurraren atal bat da.