Nagore Legarreta izango da '21 aulki' egitasmoaren protagonista
'Suzko irudiak' izeneko erakusketa egin du Nagore Legarretak, eta maiatzaren 9tik 23ra egongo da ikusgai Ehuntze Sormen Espazioan.

Ehuntze Sormen Espazioak jakinarazi duenez, maiatzaren 9tik 23ra Nagore Legarreta artistaren Suzko Irudiak erakusketa egongo da ikusgai. 21 aulki ekimenaren baitan antolatutako erakusketa da, eta edizio honekin hamabi urte beteko ditu egitasmoak; Oiartzunen arte plastiko erakusketak egiteko “zirrikitu bat zabaltzea”, herritarrek arte plastikoak lehen eskutik bizi eta tailerretan praktikatu ahal izatea, herriko eragile ezberdinekin mediazioak antolatzea, emakume sortzaileen lana ikusgarri egitea, artea “guztion” eskura hartzea, erakusketekin lotutako artista liburuak publikatzea eta artistei lanerako baldintza duinak eskaintzea dira helburu nagusiak.
Aurtengo proiektua laguntzeko, gainera, Artelkarrizketak laminak proiektua jarri dute martxan. Aldi bakoitzeko bi sortzaile artistikoki elkarrizketan jarriko dituzte, eta lamina berri bat sortuko dute. Lamina horiek sinatuta eta zenbakituta egon behar dute, eta bakoitza hogei euroan salduko dute –bildutako dirua artistari lan baldintza duinak eskaintzera bideratuko dute–.
Ildo horretatik, aurtengo lamina Nagore Legarretak eta Idoia Beratarbidek egin dute, eta horiek eska daitezke mezu bat idatzita.
Suzko irudiak
Erakusketak 2013 eta 2017 urteen artean Indian egindako argazkiak eta bertan bizitako esperientziak biltzen ditu. Pasa den azaroan proiektuak liburu itsura hartu zuela kontatu dute, eta bide horretatik, soinu banda sortu zioten Nerea Garrido, Mariano Hurtado eta Beñat Iturriozek.
Erakusketako argazkiak egiteko Legarretak poxpolo kutxa batekin eraikitako argazki kamera erabili zuen, eta guztira 700 argazki inguru egin zituen; horietatik 100 argitaratu ditu liburuan.
Erakusketa ireki aurretik, maiatzaren 9an, Suzko Irudiak proiektuaren soinu banda eta irudien proiekzioa zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera egongo da.
- Maiatzak 9 -23.
- Suzko irudiak erakusketa. Ordutegia: astean zehar 17:00-20:00 eta larunbatetan 11:00-13:30.
- Maiatzak 9.
- 19:00. Erakusketaren inaugurazio eta emanaldia: Suzko irudiak eta soinu banda zuzenean. Nagore Legarreta, Mariano Hurtado, Nerea Garrido, Beñat Iturrioz.
- Maiatzak 12.
- 17:30. Tailerra: Suzko irudien kolore paleta osatzen. Nagore Legarreta eta Idoia Beratarbideren eskutik.
- Maiatzak 23.
- 18:30. Itxiera eta bisita gidatua artistarekin.