Trainerillen lehenean, pasaitarren garaipen sorta
Gaur jokatu da Gipuzkoako Trainerilla Ligako lehen estropada badian. Zazpi kategorietatik, lautan pasaitarren garaipenak.
Gaur goizean jokatu da Pasaiako badian, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatuta, 2025eko Gipuzkoako Trainerilla Ligako lehen jardunaldia. Oarsoaldeko ordezkariei dagokienez distira berezia izan dute ontzi pasaitarrek lortutako emaitzek, lehian zeuden zazpi kategorietako lautan garaipena lortu baitute: San Juanek hiru, eta San Pedrok bestea. Ligako beste hiru jardunaldi geratzen dira, eta maiatzaren 11n izango da herrialdeko txapelketa badian bertan.
Lehen garaipena San Pedroko Kadete Mailako mutilek lortu dute, erraz. Kategoria horretan bigarren izan da San Juan, eta hirugarren Getaria.
Bigarren garaipena San Juan aldera joan da, Gazte Mailako mutilen A ontziak egin dutelako denborarik onena. Haien atzetik San Pedro sailkatu da, hirugarren Getaria izan da, eta laugarren San Juan B.
Hirugarrena, Gazte Mailako neska sanjuandarrena. Hernaniren, hirugarren izan den Hibaikaren, San Pedro laugarrenaren eta Mutrikuren aldean nagusitasuna erakutsi dute arrosek.
Laugarren garaipena, ligatik kanpoko Federazio Kopako lehian lortu du San Juanen gizonezkoen seniorren B ontziak. Orio B izan da bigarren han, eta San Juan C laugarrena.
Horrela joan dira beste kategorietako lehiak:
- Nesken Kadete Mailan Tolosaldea izan da irabazle, San Juan laugarren, San Pedro bosgarren, Hibaika A seigarren, eta Hibaika B zortzigarren.
- Emakumeen Maila Absolutuan, berriz, Zumaia Ak eraman du du garaipena zakura, eta Tolosaldea izan da bigarren. Haien atzetik San Juanek eskuratu du hirugarren postua, Hibaika Ak laugarrena, eta Hibaika Bk seigarrena.
- Gizonen Maila Absolutuan Oriok gelditu du azkarren kronometroa, bigarren Donostiarra izan da, eta hirugarren San Juan. Bosgarren izan da Hondarribiko botea.
Jarraian, goizeko arraun giroaren hainbat irudi, HITZAk jasotakoak.
Trainerillak. Gipuzkoako egutegia.
- Maiatzak 3, larunbata. Gipuzkoako Trainerilla Ligako bigarren estropada Hondarribian (16:00).
- Maiatzak 4, igandea. Gipuzkoako Trainerilla Ligako hirugarren estropada Getarian (11:00).
- Maiatzak 10, larunbata. Gipuzkoako Trainerilla Ligako laugarren eta azken estropada Mutrikun, eta maiatzaren 11ko Gipuzkoako Trainerilla Txapelketarako sailkapen estropadak (16:00).
- Maiatzak 11, igandea. Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa Pasaian (10:30).
