Euskarazko arraun hiztegia sortu du Hibaikak
Euskaraldiari ekarpena egiteko sortu du Hibaika Arraun Elkarteak hiztegia. Elkartearen egunerokoa euskalduntzeko lehen urratsa besterik ez da hiztegia, eta bide horretan, hilaren 15etik 25era Euskaraldian parte hartzera deitu dute.
Denetariko kategorietako 100 arraunlari daude gaur egun Hibaika Arraun Elkartean, hortaz, “badago eragin eremurik” euskara bultzatzeko. Norabide horretan, euskarazko arraun hiztegia aurkeztu dute gaur, hilaren 2an. Arraunerako beharrezkoak diren hitzak euskaraz bildu dituzte bertan, askotan gazteleraz erabili ohi baitira.
Hiztegi hau “arraunzaleentzat lagungarria” izango den moduan, “elkartearen eguneroko jardunarentzat” ere hala izango dela azaldu du Zuriñe Alberdi arraunlariak. Errenteriako Udalak egindako ekarpenari esker, 500 hiztegi ale banatu dituzte herriko liburutegi eta ikastetxeetan.
Hala ere, Euskaraldia den “ariketa erraldoiari Hibaikaren ekarpen txikia” egiteaz harago, arraun elkartearen egunerokoan euskararen erabilera bermatzeko “lehen urratsa” besterik ez dela azpimarratu du Alberdik. Helmuga “urrun” ikusi arren, horretan lanean daude dagoeneko, “euskarak denok gaituelako beharrezko urteko 365 egunetan”.
Euskararen erabilera areagotzeko borondatea dutenentzat traba izan ohi da kirola, “kontzeptu eta hiztegia gaztelaniaz ikasi dugulako”, Leire Mazizior Kirolen eta Udal Hizkuntza Politikaren zinegotziaren arabera. Horregatik, “aisialdia euskaraz egiteko aukera edukitzea” ezinbestekotzat jo du, eta horretarako “norabide berean arraun” egin behar dute Udalak eta kirol elkarteek.
Euskaraldia, hilaren 15etik 25era
Aurtengo Euskaraldia “herri osoaren artean antolatu” dutela azaldu Naroa Etxeberriak, Euskaraldiaren dinamizatzaileak. Izan ere, eragile bakarra ez da gai “herriko eragile guztiek daukaten eragin eremu” horretara iristeko, kirol elkarteak tarteko. Horregatik, “erreferentziazko hiztegia sortzeagatik eta egunerokoan egiten duen lanagatik” eskerrak eman dizkio Etxeberriak Hibaika Arraun Elkarteari.
Euskaraldia hasteko egun gutxiren faltan, txapak banatzen hasiak dira dagoeneko, hainbat egun eta auzoetan jarritako postuen bidez. Hurrengo egunetan ere izango da txapak eskuratzeko, edo, oraindik egin ez duenarentzat, Euskaraldian izena emateko aukera.
Euskaraldian izena emateko edo txapak jasotzeko hitzorduak
Hilak 9
Pablo Sorozabal Plazan (Beraun), 17:00etatik 20:00etara.
Hilak 10
Herriko Plazan, 12:30etik 13:00etara.
Cristobal Gamoneko patio estalian (Kaputxinoak), 17:00etatik 20:00etara.
Lehendakari Agirre Plazan, 18:00etatik 20:00etara.
Hilak 11
Gabierrotan, 17:00etatik 19:30era.
Astean zehar goizetan
Udal Hizkuntza Politika Sailean (Merkatuzar).
Astearte eta ostegunetan
Lau Haizetaran, 17:30etik 20:00etara.
