«Pertsonaren garapenean gure eredua garrantzitsua da»
Epaile batek erabaki du ez dela derrigorrezkoa izango Eskola Kirolean aritzea klub bateko kirol eskolan egoteko. Horren aurrean, Eskola Kirolaren eredua aldarrikatu du Angiozarrek.

Orain gutxi jakin da ez dela derrigorrezkoa izango Eskola Kirolean parte hartzea kirol klubetako eskoletan aritzeko. Arkaitz Angiozar Oarsoaldeko Eskola Kiroleko mahaiko kidea eta Lezoko Udaleko Kirol teknikaria da. Erabaki hori «zentzugabea» da haren ustez, eta Gipuzkoako ereduaren aldeko aldarria egin du.
Jakin berri da hemendik aurrera ez dela derrigorrezkoa izango ikastetxeko Eskola Kirolean parte hartzea klub batean aritzeko. Zein balorazio egiten duzu erabaki horren inguruan?
Epaia hor dago, aldundiak errekurtsoa sartua du eta horrek epe bat izango du. Epe horren ondoren jakingo da erabaki ofiziala. Bien bitartean, epaileak esan du indarrean jarri behar dela derrigortasuna kentzeko araua. Errekurtsoa martxan dago, baina aldundiak esan du orain hartutako erabakia ez duela errekurrituko. Hori dela eta, bertan behera gelditu behar da derrigortasuna. Horrek ez du esan nahi epaia hori izango denik, errekurtso bat baitago martxan. Ondoren ikusiko dugu egoera zertan geratzen den. Epaiketa bukatu bitartean, indarrean jarriko da derrigortasuna kentzeko erabakia. Hau da, ez duzu zertan Eskola Kirolean egon behar klubetako kirol eskoletan egoteko.
Nork erabaki du debekua ezartzea?
Epaile batek irakurketa bat egin du, eta haurren erabaki aukeran eta askatasunean sartu zen, ez Kirol Legean. Epailea ez da forman sartu, ez du zehaztu ondo edo gaizki dagoen, esan du haurren aukera eskubidearen kontra doala. Guk diogu jarduera hezitzailea dela eta gizartearentzako onura duen jarduera bat arautzea horren gainetik dagoela. Dakitenek arautzen eta antolatzen dute jarduera hori, eta garrantzitsua da pertsonaren garapenean.
Zergatik sartu da orain derrigortasuna kentzeko erabakia?
Aldundiak ohar bat bidali zigun. Esan zigun errekurtsoa sartua dagoela, bere bidea egingo duela eta ez duela erabakia errekurrituko. Eskola Kirolaren eredua bere horretan mantentzen da, baina haurrek klubetako kirol eskoletan parte hartzeko, ez dute derrigorrez Eskola Kirolean aritu beharko. Hori da aldatzen den gauza bakarra, beste guztia bere horretan geratzen da. Hau da, klub bateko kirol eskolara joan naiteke Eskola Kirolean egon gabe. Erabaki horrek guretzako ez du zentzurik, baina horrela da.
Euskadiko Kirol Legeari gehien hurbiltzen zaion eredua Gipuzkoakoa da, gurea da legea gehien betetzen duen eredua hiru lurraldeen artean. Legeak dio ereduak kirol anitza izan behar duela ahalik eta modu handienean. Modu bakarra hori bete ahal izateko, Gipuzkoak hartu zuen bidea da. Guk Bizkaiko eta Arabako guraso eta ikastetxeekin hitz egiten dugu, eta han Eskola Kirola beste jarduera bat bezala eskaintzen dute. Hori ez da garrantzia ematea. Kirol irakaskuntzaren ikuspuntutik, kirol hastapenean sistema klasiko eta zentzugabeak ekiditen saiatu gara Gipuzkoan. Gauza aurrerakoiagoak egiten saiatu gara beti, ikuspuntu hezitzailea dutenak.
Nondik dator afera?
Futbol federazioak eta futbol klubak Gipuzkoan garatzen hasi zen ereduaren kontra kokatu ziren hasiera-hasieratik, dituzten interesengatik. Gure ereduaren garapenean, aldundiak beti izan ditu aurrean komunikabide potenteak. Gure kexetako bat izan da hogei urtean ezin izan dugula inoiz gure modeloa garatu, eta ezin izan dugula ikusi nora iritsi gintezkeen. Hori izan da gure arazo nagusiena. Gipuzkoak, Arabarekin, Bizkaiarekin eta estatuko beste erkidegoekin alderatuta, parte hartze handienetakoa du Eskola Kirolean. Nesketan besteen gainetik gaude, eta Gipuzkoan dagoen kirol modalitate kopurua ez dago beste lurraldeetan, handiak txikiak jaten baititu. Gipuzkoako ereduak ez du korri egin nahi, eta haurren kirol aukeraketa geroago ematen da hemen. Horrek beste nonbait erortzeko aukera ematen dizu, kirol gehiago ikusten baitituzu.
Gure helburua da kirol ohitura aktiboak sortzea haurrengan, tresna horiek bizitza osoan erabil ditzaten. Gipuzkoako kirolarien kirol emaitzak, gainera, bikoiztu egiten dira beste bi lurraldeekin alderatuta. Estatu mailan Bartzelonarekin parekatuta dago Gipuzkoa. Hori lortzen da gure eredua oso-oso txarra dirudien arren. Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat eskatu zion EHUri, eta ikerketa horretan argi esaten da espezialitate batean hastea askoz geroago egin behar dela. Saskibaloiko NBA enpresa handi bat da, eta ondo funtzionatzen duten makinak nahi dituzte. Ikerketak eginak dituzte, eta lesio gutxien eta errendimendu gehien ematen dieten jokalarien hastapena anitza izan da. Horrelakoak ez dira mahai gainean jartzen.
Zergatik da garrantzitsua Eskola Kirola egitea?
Eskola Kirolarekin jarduera fisikora atxikitzen zara, harremanak egiten dituzu, osasunerako ona da, lesioak prebenitzen dituzu, eta errendimendua lortzen duzu. Gu gizarte aktiboago baten alde lan egiten ari gara. Kirolarekin eta jarduera fisikoarekin gozatu nahi dugu, eta abanikoa zabala bada, bakoitzak bere tokia aurkituko du. Eskola Kirolak aukera hori ematen du. Futbola egin nahi duenak futbola egingo du, baina beste batzuek beste kirol batzuk topatuko dituzte. Gure lana da beste arlo minoritario horiek bultzatzea pertsona bakoitzak bere lekua izan dezan. Hori da gure lana, baina beti konplexuagoa da hori saltzea. Ausartak izan gara eredu hori martxan jartzeko.
Jarduera irekia da. Haurrek beren ikastetxean egiten dute kirola, lagun eta gelakideekin; hau da, beren komunitatean aritzen dira. Ikastetxea erdigunean dago, eta horrek laguntzen du kanpoan gera daitezkeen pertsonak integratzen eta horien parte hartzea bermatzen. Gure helburua da haurrek maila motorrean, joko garapenean eta erabakiak hartzean gaitasun minimo bat izatea gustukoen duten kirol modalitatera jo dezaten. Bakoitzak erabakiko du nondik joko duen. Ez dago presarik erabakia hartzeko. Saltoa azkar eman nahi duten horiei esan behar zaie momentua iritsiko zaiela. Kirol hastapenaren arloan uste dut aurrerakoiak garela eta izan nahi dugula. Uste dugu beste gizarte eredu batean gaudela. Sistema zahar eta klasikoa orain dela 30-40 urteko gizarte batena da, eta beste bi lurraldeek ez dute horrela pentsatzen.
Nola uste duzu eragingo duela erabakiak? Oarsoaldeko Eskola Kirolan bajak izango al dira?
Hemen, hasiera batean, ez dugu beldur handirik. Baja batzuk izango dira, eta sentitzen dugu haur horiengatik. Beste eskualdeekin hitz egin dugu, eta batzuk arduratuagoak daude. Guk hemen ez dugu uste eragina handia izango denik. Haur batzuek, beharbada, erabakiko dute Eskola Kirola uztea eta klubetan bakarrik egotea, baina hemen ez gaude horren beldurtuta. Haurrek, orokorrean, ondo pasatzen dute Eskola Kirolean. Mugituak direnek nahiago dute hiruzpalau saio egitea eta ez soilik klubetan egotea. Eskola Kirolean trebea denak, gainera, ikasi behar du trebezia gutxiago duen kide batekin lan egiten. Oso garrantzitsua da hori, taldekideak dira.