Thrillerrak bustitako Faisaien irla
Irun eta Lapurdi arteko muga ikusezina, migrazio politikek egiten dute ikusgai. Thriller eta drama generoak uztartuz, Asier Urbietak Bidasoa ibaia ardatz duen lehen film luzea sortu du.

Bidasoa ibaiaren presentzia indartsua da, hiru lurraldetan bereizten den eskualde zabal bati izena ematen baitio, baina indar fisikoari erreparatuta, indartsua bada ere bere korronteengatik, emariagatik eta iraganari begira duen historia luzeagatik. Itsasora iristeko metro gutxi falta diren unean, Faisaien irla edota Konpantzia irla dago. Irla horrek ere pertsonalitate asko ematen dion identitatea du: munduko kondominio txikiena da. Sei hilabetez Frantziako Estatuarena da, eta beste seiz, Espainiakoarena. Urte osoan zehar, berriz, Euskal Herrikoa. Ibaiaren eta irlaren ondoan, Behobia eta Pausu arteko zubia dago, eta hiru elementuek bat egitean, muga hitza aipatzea ezinbestekoa da. Azken elementu hau da aipatutako hiruen artean fisikoki ikusezina den bakarra, baina gizakiek soilik pairatzen dutena.
Azken zazpi urteetan Irun eta Lapurdi artean kontrol arrazistak egiten dabil Frantziako polizia, eta 2021 eta 2022 urteen artean, bederatzi pertsona hil dira bizitzak mugatzen dituen mugak gainditu nahian. Kasu bakoitzaren aurrean herritarrak irten egin dira kontrol horiek salatzera, horien amaiera galdegitera, eta modu askotara dokumentatu da hori. Zinemari begira jarrita, nagusiki dokumentalak egin dira, hala nola, Paseko txoriak (Juanmi Gutierrez, 2019) edo Bidasoa 2021-2023 (Fermin Muguruza, 2023).
Bi obra horiek euskaraz egin dira, eta aurreko astean estreinatu berri den Faisaien irla pelikula da Bidasoa ibaiaren bueltan migrazio politika arrazisten afera euskaraz jaso duen fikziozko lehen pelikula. Asier Urbieta zinema zuzendari oreretarrak zuzendu du, eta hark egindako lehen pelikula ere izan da, gainera. Sambou Diaby zumaiarrarentzat ere esperientzia berria izan da pelikula batean parte hartzea, baina ez auzi hori lantzea. Izan ere, Faisaien irla filmaren estreinaldiarekin batera, Miñan antzezlanean dabil protagonista, Ander Lipusek zuzendutakoa eta Amets Arzallus eta Ibrahima Balde idazleek idatzitako liburuan oinarritutakoa. Filmean Sambou pertsonaia gorpuztuko du zumaiarrak.
Aldiz, Diabyren ondoan sarritan ikusiko den Jone Laspiur aktore donostiarrak badu eskarmentua film luzeetan eta laugarren aldiz bizitzen ari da pantaila handian agertzearen esperientzia. Urbietaren azken lanean Laida pertsonaia interpretatu du Laspiurrek. Erreportaje hau lasai irakur dezake irakurleak, spoilerrik ez baita egongo, baina aurrera daiteke beste pertsonaia nagusietako bat Bidasoko argazkilari batean oinarrituta dagoela, eta Ximun Fuchs larzabaldarrak antzeztu duela. Itziar Ituño ere lan horren parte da, bigarren pertsonaia bat gorpuztuko du, eta Irungo Harrera Sareko kideetan dago inspiratuta bere pertsonaia, Tania.
Thrillerra eta drama uztartzen dituen pelikula da Urbietarena. Thrillerra, mekanismoagatik; ikuslea pantailara lotzeko elementu pila bat daudela uste baitu zuzendariak: «Ibai bat, hildako bat, muga bat, polizia, jazarpena edota ikerketa bat». Bestalde, drama soziala, baita bikote drama bat ere badagoela ere aurreratu du zuzendariak. Sinopsiaren zertzelada batzuk emate aldera, migratu nahian dabiltzan bi gazte Bidasoa ibaia zeharkatzen ari direla eta laguntza eskatzen ari direla ikusiko dute Laida eta Sambou pertsonaiek. Ibaira salto egin ala ez izango da narratibaren haria. Aldi berean, gorpu bat agertuko da Faisaien irlan, Espainiako eta Frantziako estatuak irlaren jabetzaren aldaketa egiten ari diren unean. Gorpuaren identifikazioaren eta aberriratzearen ardura norena izango den izango da filmeko beste galdera handietako bat.
Koloreari erreparatuta, tonu hotzak erabili dituzte, thriller eta drama kutsuari jarraiki. Bestalde, lokalizazio guztiak Irun eta Hendaiakoak dira. Musikari ere garrantzia eman dio Urbietak, eta azaldu du filmean entzungo diren abestietako batzuk «euskal kulturan txertatuta» daudenak direla, baita gaiarekin zerikusia dutenak ere, adibidez, Ruper Ordorikaren Ibaia abestia. Bestalde, Zarama taldearen Iñaki, ze urrun dagon Kamerun kantuak pisu handia du. Andoni De Carlos gidoilaria eta Urbieta gidoia idazten ari ziren egunetako batean entzun zuten abesti hori, eta arrazista zela ohartu ziren. «Iruditzen zitzaigun atzerapauso bat zela, eta sartu nahi izan genuen». Azkenik, Nakar talde donostiarraren Nakar abestia ere entzungo da, Laspiurrek berak abestutakoa. Letraren zati batek honakoa dio: Urrutira, alde egin, ezer gehiago jakin; inguruko gauza guztiek ematen dute min; maite zaitut, badakit, berak ere badaki; galduta gaude denok bakoitza bere aldetik.
Doinuekin jarraituz, musikaz gain, soinuak «garrantzi berezia» izan duela uste du Laspiurrek. Txorienak «oso presente» egoteko lana hartu du ekoizpen ondorengo lantaldeak. «Askatasunaren eta mugak zeharkatzearen zentzugabekeria horren isla dira txori soinuak», zehaztu du aktore donostiarrak. Irudien bidez ere txoriak maiz agertuko dira.
Fikzioa
Benetako gertakizunetan oinarritzen denean gidoia, dokumentazioa garrantzitsua da. Urbieta zuzendariak pelikularen hastapenei buruz hitz egiteko 2021era egin du atzera. Urte hartan Tessfit Temzide eritrear gazteak bere buruaz beste egin zuen Azken Portun, eta kasu horren berri izan zuenean, zuzendaria ohartu zen hura ez zela «zerbait isolatua» izan. Alegia, testuingurua zuen heriotza izan zela Temziderena, eta Afrikatik Europara migratzen ari zirenentzat Bidasoko zubiak «oso garrantzitsuak» bilakatu zirela. Hain inportante bilakatu ziren, zuzendariak «zerbait egiteko beharra» sentitu zuela. «Honetaz guztiaz komunikabideetatik dokumentatzen nintzen bitartean, jende gehiago hasi zen itotzen Bidasoan, eta beharra sentitu nuen horren inguruan zerbait egiteko», azaldu du. Gidoia idazteko lanetan Andoni De Carlos donostiarra izan du alboan. Ez da lehen aldia batera lan egiten dutena, Altsasu seriean ere elkarrekin egin baitzuten lan.
Lau urteko lana izan da Faisaien irla. Gidoia idazteari Temzideren heriotzaren harira hasi ziren, eta 2025ean estreinatu da. Lehenbizi Ipar Euskal Herriko zinemetan, eta ondoren, Hego Euskal Herrikoetan. Prozesua «oso luzea» izan dela aitortu du Urbietak, baina baita bitxia ere: «Normalean fikziozko pelikulak egiten direnean izaten da pasatako zerbaiten inguruan, oso luzea delako gure prozesua, baina lau urte horietan ez dakit zerbait aldatu ote den».
Fikzioa errealitatearekin nahastu zela grabaketek iraun bitartean ere gogoan du Laspiurrek, eta hori «oso arraroa» izan zela aitortu du. «Benetako kontrol polizialak kentzen genituen, gezurretako kontrol poliziala jartzeko, eta Afrikatik iritsitako gazteak ikusten genituen galdezka ea muga nola pasa zezaketen. Ahal genuen moduan azaltzen genien. Polizia aktoreengana gerturatzen genituen, eta gu saiatzen ginen azaltzen fikziozko polizia zela, baina ez zuten ulertzen… Egoera surrealista asko gertatu ziren». Diabyk ere pairatu zuen poliziaren arrazismoa, eta Urbieta zuzendariak gogorarazi du gertaera: «Mugan bertan grabatzen ari ginen sekuentzia bat, gezurretako poliziarekin. Baina Sambouk [Diaby] buelta eman behar zuen, eta orduan benetako poliziak gelditu zuen paperak eskatzeko. Berak esplikatu behar izan zien filmaren parte zela».
Zergatik kontatu, beraz, azken zortzi urteetan jada kontatu baldin bada Bidasoko mugan gertatzen dena? Laspiurrek argi du fikzioak baduela zerbait ikuslea «sentsibilizaziora» eramaten duena, «zuzen-zuzenean». Komunikabideetan migrazio bidean hil direnei buruz hitz egiten da, baina Laspiurren arabera «oso ohituta» dago gizartea «izenak» eta «zenbakiak» irakurtzera hedabideetan. Joera horrek «intsentsibilizazioarekin» zerikusia duela iritzi du Laspiurrek, «intsentsibilizazio maila oso altua» bizitzen ari delako egungo gizartea. «Beraz, pertsona baten bizipen emozionalak eta indibidualak zuzenean ikusteak kristoren indarra du. Askotan ahaztu egiten zaigu pertsonei buruz ari garela», adierazi du donostiarrak.
Eskualdeko lantaldea
Bidasoan gertatzen ari den horrek guztiak Donostiaraino bakarrik duela oihartzuna azaldu zuen Fermin Muguruza zinema zuzendariak Bidasoa 2021-2023 estreinatu berritan, eta Urbietak eta Laspiurrek bat egin dute adierazpen horiekin, «dudarik gabe». Malagako (Andaluzia, Espainia) zinema jaialdian eta Gotemburgokoan (Suedia) izan dira pelikula aurkezten, eta gaia ezezaguna zela bertan azaldu dute biek. Urbietari «atentzioa» deitu dio gaiarekiko «ezjakintasunak», Euskal Herrian bertan ere gaiarekiko jakintza gutxi dagoela sentitu baitu, eta Donostia, Gasteiz eta Bilbo jarri ditu eredu.
Horrez gain, behin pelikula ikusita ikusle guztien erreakzioa «berbera» izan da Laspiurren esanetan, eta jendeak hausnarketa eta galdera berak egin dituela azaldu du. «Argi dago gaia unibertsala dela eta eragiten duela», gaineratu du aktore donostiarrak. Aldiz, Bidasoan eguneroko ogia den gaia dela jakitun izan dira aktorea eta zuzendaria.
Bide horretan, pelikularen lantaldea «oso lokala» izan dela azaldu du Laspiurrek, Irun inguruko jendea ibili baita lanean. Horrek «balio asko» daukala aitortu du Urbietak, ate asko ireki baitziren lokalizazioei dagokienez. Karmen Campo irundarra aipatu du giltza eduki duen kide gisa. «Karmenetik hasita, adarrak zuhaitz bilakatu ziren», azaldu du. Zuzendariak gaineratu du Euskal zinema euskaraz egiten dena soilik izateaz gain, euskaldunekin egiten dena ere badela. Faisaien irla filmaren produkzioan euskaldunak izan dira langile gehienak, baita katalanak ere, koprodukzioa izan delako eta horrelako kasuak «oso gutxitan» gertatzen direla azaldu du aktore donostiarrak. Txingudi Errugbi Taldeko jokalariek ere protagonismoa edukiko dute pelikulan zehar.
Pelikula jada estreinatu da. Irunen saio berezia eskaini zuten apirilaren 25ean Ocine Mendibilen. Solasaldia izan zen, eta Urbietak berak gidatu zuen alboan Gari Garaialde argazki zuzendaria eta Irungo Harrera Sareko kidea egon zirela. Beste hainbat solasaldi egiteko asmoa aurreratu dute. Urbietak uste du «mugak hautsi» nahi dituen pelikula batek «mugarik gabe» lan egin behar zuela, eta testuingurua emateko Euskal Herri osotik mugitzeko asmoa dute. Dagoeneko bost bat emanaldi egin dituzte, eta harrera «oso ona» izan dela nabarmendu du zuzendariak. Ibaiak bidea hasi berri du.