XVII. Lore eta Landareen Feria Berezia antolatu dute biharko
Bihar Gamon Zumardian izango da lore eta landareen azoka, 10:00etatik 14:30era. "Baserriko produktuen salmenta bide hauek sustatzea" eta "promozio eta erakusketa gune" izateko helburua dute.
Bihar, hilaren 3an, izango da Errenteriako XVII. Lore eta Landareen Feria Berezia, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak, Errenteriako Udalak eta Dekolore Elkarteak lankidetzan antolaturik.
Bi helburu nagusirekin antolatu dute feria; batetik, “baserriko produktuen salmenta bide hauek sustatzeko”, eta bestetik, “baserriko produktuen promozio eta erakusketa gune izateko azoka horiek”.
Izan ere, azokak baserritarren produktuak saltzeko ferien “beherakadari” erantzuteko xedea du. Bi arrazoi nagusiren ondorioa da “beherakada”: “orokorrean lehen sektoreak bizi duen beherakadarena”, eta “erosleen ohituren aldaketarena”.
2002an hasi zen Behemendi Baserriko Produktuen Feria Bereziak antolatzen, baina, 2004an etorri ziren Errenteriara, Udalaren laguntzarekin. Aurten ere, azoka asteburuan izanik, “aisialdi ekintza bezala” hartu daiteke, astean zehar joateko aukerarik ez dutenek ere gerturatzeko aukera izango baitute. Gainera, “inguruko dendarientzat ere baliogarriak izan daitezke” azoka hauek, baserritarren produktuak ezagutu eta, hala nahiko balute, “ekoizlearekin zuzenean kontaktua egin dezaketelako”.
Bihar 10:00etan hasi eta 14:30ean bukatuko da azoka, eta Dekolore Elkarteko 12 postuetan askotariko produktuak egongo dira: “garaiko landareak, barnerako eta kanporako landareak, zuhaixkak, landare usaintsuak eta sukaldaritzarako landareak, kaktusak eta landare zukutsuak, lore eta landare motiboekin egindako bitxiak, lore prentsatuekin eginiko konposaketak, eta abar”. Haurrak ere ez dira aspertuko azokan, 11:00etik 13:00etara “landaketa eta lore lehorrekin eskulanak egiteko tailerrak izango baitira”.
