Galiziak Trintxerpe hartuko du asteburuan
Alkateordetzak Letras Galegas Pasaia jaialdia jasoko du hilaren 9an eta 10ean. Liburu aurkezpen bat eta poesia errezitaldi bat ondu dituzte.
Xose Estevez Galiziako banderarekin eta ikurrinarekin. Trintxerpek ukitu galiziarra izango du asteburu honetan, Letras Galegas Pasaia jaialdia jasoko baitu alkateordetzak. Fato Cultural Galego Daniel Castelao elkarteak antolatu du jaialdia, Pasaiako Udalarekin elkarlanean. Jarduerak hilaren 9an (ostirala) eta 10ean (larunbata) izango dira.
Hilaren 9an Homenaxe do Goberno Basco a Castelao en Paris (1950) liburua aurkeztuko dute, 19:00etan. Xose Estevezek eta Iñaki Anasagastik aurkeztuko dute eleberria.
Hilaren 10ean, aldiz, poesia errezitaldi musikatua egingo dute, 12:00etan, galegoz eta euskaraz. Xose Estevezek galegoz errezitatuko ditu poemak, eta Antton Kazabonek, euskaraz. Estevezek eta Kazabonek Leire Ruiz Romo, Manuel Maria, Joxean Artze, Marta Ledo Jardon, Xose Maria Diaz Castro, Pedro Mari Otaño, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete eta Antton Kazabonen poemak errezitatuko dituzte. Musikaz Suo Gan talde oiartzuarra arduratuko da.
