Sexilioa ardatz duen 'Xerka' hitzaldia eta argazki erakusketa, Oiartzunen
'Queer' izanik, euskal landa eremuan eta euskaraz bizitzea posible dela aldarrikatuko dute hitzaldian. Hilaren 16an izango da, 19:30ean.
Martxel Larraza eta Joseba Olagarai, hitzaldi batean.@xerkatu Sexilioa ardatz, Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queer-en bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen dira Xerka fotokazetaritza proiektuan, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesua islatzen du. Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek ondu dute proiektua, eta Oiartzungo Feministen Asanbladak antolatuta, hilaren 16an –ostirala da–, 19:30ean, gaiaren inguruko hitzaldia emango dute pleno aretoan. Larraza eta Olagarairekin batera, Inexa Maritxalar Iraeta herritarrak bere bizipenak partekatuko ditu bizilagunekin. Argazki erakusketa bera ikusgai egongo da pleno aretoan hilaren 23ra arte.
Hitzaldian zenbait lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren bizipenak kontatuko dituzte. Era berean, ekimen honek duen mezu positiboa zabalduko dute proiektuaren bidez: “Euskal landa eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz.” Sexilioa, hain zuzen, sexu orientazioa edo genero identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI+ pertsonen migrazio behartua da.
Berria saria
Xerka Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, eta urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. Berria saria lortu zuen. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatssua izan daitekeen harremanaren inguruan.
