Agustinak Zentroa ezagutzeko ate irekiak
Maiatzean eta urrian ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte Agustinak Zentroan. Ekainaren 19an zabaldu zutela urtebete beteko da.

Agustinak Zentroa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da maiatzean zein urrian antolatutako ate irekien saioetan. Zentroko langileek gidatuko dute bisita eta zalantzak argitzeko aukera izango da, beraz. Artisautza tailerra, ehungintza, bitxigintza, margolaritza eta tailer bakoitzean dagoen makineria espezializatua ikusteko aukera izango da bisita horietan, baita kultura eta sormen arloko lankidetzako coworking espazioa, erabilera anitzeko aretoak, edota langune ezberdinak ere.
Hilaren 22an, ostegunarekin, egingo dute lehen ate irekien saioa 12:30etik 13:00etara, euskaraz; eta 13:00etatik 13:30era gaztelaniaz. Urriaren 30ean egingo dute bigarrena, 11:30ean euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz.
Parte hartu nahi dutenek 943 51 84 04 telefono zenbakira deitu behar dute edota posta elektronikora mezua bidali (klik hemen).
Agustinak Zentroak ateak zabaldu zituela urtebetea beteko da ekainaren 19an. Tarte horretan sektoreko hamaika pertsona laguntzeko aukera izan du. Batetik, kultura eta sormen lanak beren bizibide bihurtzeko helburua duten pertsonei zuzenduta dago; bestetik, laguntza eskaintzen die beren jarduera hasi berri duten eta garatzen joateko baliabideak dituzten pertsonei. Azkenik, lekua egin diete zentroan beren egoera hobetu nahi duten eta dagoeneko finkatuta dauden proiektuei edota enpresei ere.
Arreta pertsonalizatuaren bidez, proiektu bakoitzaren egoera aztertzen dute Agustinak Zentroan. Horrekin batera, profesionalizaziorako prestakuntza programak, topaketak eta ekitaldiak ere eskaintzen ditu zentroak.