Hika plazara ateratzeko, Hikaldia
Euskaraldiari ariketa berri bat gehitu diote aurtengo edizioan: Hikaldia. Hika jendartera eramatea da helburua, baita haren inguruko zenbait ikuspegi aldatzea ere.
'Oiartzungo Hika praktikan' liburuxkatik ateratako ilustrazio bat. 'Oiartzungo Hika praktikan' liburuxkatik ateratako ilustrazioetako bat. Idoia Beratarbide Arrieta Laugarrenez egingo da aurten Euskaraldia; honezkero herritar orok izan du ariketa erraldoi horren berri, baina, ba al dakite aurtengoan ere Euskaraldian hika aritzeko aukera dagoela?
Euskaraldian parte hartzeko beste modu bat da, izenak dioen moduan, hitanoa, noka eta toka aritzea, ardatz duena; Hikaldia, alegia. ZirHika taldearekin lankidetzan antolatu dute iniziatiba berritzaile hori. Hika ikusgarri egin eta plazara ateratzea da haren helburua, eta Euskaraldiaren oinarriak mantenduta, hitanoa erabiltzeko proposamena gehitu zaio aurtengo ariketari.
2020. urtean eman zituen Hikaldiak lehen pausuak Bergaran eta Oiartzunen, eta 2022ko Euskaraldian herri gehiago batu ziren egitasmora. Aurtengoan errekor guztiak hautsi eta 83 herrik eman dute izena Hikaldian.
Itsaso Aldai Ttur-ttureko kide izateaz gain ZirHika talde motorreko kide ere bada, eta kontatu du 2023an Oñatin egin ziren Euskal Herriko I. Hika Topaketetan izan zela.
Euskaldun zaharra eta hikadun berria
Aldairentzat hikaz aritzea bere bizitzan oso presente dagoen elementu bat da. “Egiten ditudan harreman berrietan zein lehenagotik nituenetan erabiltzen dudan erregistro bat da. Askotan ez dut hikaz erantzunik jasotzen, baina nik hala egiten dut beti”, kontatu du.
Behin lotsa galdu zuenean “akatsak eginez eta gaizki hitz eginez” hasi zen, eta gaur egun barren-barrenean darama hika.
Euskaldun zaharra da Aldai, baina bere burua hikadun berritzat hartu du, Ttur-tturrekin ikasi baitzuen hikaz hitz egiten. “Hikaren erabilerak lantzen hasi zirenean erabaki nuen hika ikastea. Hasieran ez nuen hala hitz egiten, mezuak baino ez nituen idazten, zaila egiten baitzitzaidan txipa aldatzea”.
Orain arte egin duen ahaleginak eman ditu fruituak, inguruko jendea animatu baitu Hikaldian parte hartzera. Udane Eskudero da horren adibide argietako bat.
Eskuderok ez du “sekula” hikarekin harreman handirik izan; are, kontatu du aita ikusten zuela hikaz hitz egiten, baina gizonekin orobat. “Inbidia ematen zidan”.
Aita “oso gutxitan” entzuten zuen emakumeekin hitanoz solasean, eta hori aldatzen saiatu behar zirela erabaki zuten. Aldai Eskuderoren kuadrillakoa da, “berak beti egiten digu hikaz nahiz eta guk ez diogun horrela erantzuten”.
“Inbidia ematen zidan, eta sentitzen nuen nik ere nahi nuela emakumeen artean hikaz hitz egiteko sare hori sortu”, gehitu du. Lagun artean eta erregistro ez formaletan erabili nahi du hika Eskuderok, eta, zehazki, horrexegatik sortu nahi du sarea, jakin dezan norekin erabili dezakeen. “Nik hikaz egin nahi dut; posible da beste aldeak niri hikaz ez erantzutea, baina nire aldetik gauzak esaten hasi nahi dut”.
Horrexegatik hartuko du ahobizi rola. “Hitz egiterakoan ez dakit horrenbesteko erraztasunik izango dudan, baina saiatuko naiz”. Herritarrak ere animatu ditu bere bide bera hartzera, eta Ttur-tturrek antolatzen dituen formazio saioetara bertaratzeko deia egin du. “Lotsa galdu behar dugu; gaizki hitz egiteko eta hanka sartzeko beldur handia dago. Ez da ezer gertatzen gaizki hitz egiteagatik”.
Jendearen erreakzio batzuk jaso dituztela mahaigaineratu du Aldaik; esan du badela jende bat euskaraz bizi dena eta Euskaraldiak motibatzen ez duena, baina bateren batek esan diela Euskaraldian parte hartu dutela Hikaldiak sortu dien motibazioagatik.
Aldaik Ttur-tturren izenenean hitz egin du, eta Hikadromoa ekarri du gogora. Ez da ahaztu behar 2022an Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida liburua ere argitaratu zutela. Gauza bat baino gehiago egin dute herritarren ahora hika eramateko, eta horixe bera lortu nahi dute oraingo ariketarekin ere. “Helburu nagusia da hika zer den plazaratzea nahiz eta jende gehienak badakien. Beti lotu izan da hika baserritarrekin, mendiko jendearekin eta gizonarekin, eta ikuspegi horiek aldatzeko helburua ere badu ariketak. Hika ezagutarazi nahi dugu, baita aldarrikatu ere hika emakumeena ere badela. Denona da hika; beste erregistro bat da, gertukoagoa ere lagunkoiagoa”.
