MEC 2025 diru laguntzak eskatzeko epea zabalik da
Txikizkako merkataritza eta hiriko merkataritzari lotutako bestelako zerbitzuen establezimenduak berritzeko asmoa du diru laguntzak. 2025eko irailaren 30era arte egin daiteke eskaera.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak bultzaturik, MEC 2025 diru laguntza martxan da. Modernizazioaren bidez “kudeaketa tresnak, azpiegiturak eta ekipamendu komertzialak, eta kalitate eta lehiakortasun maila” hobetzeko asmoa du ekimenak.
Oarsoaldeko txikizkako merkataritza eta hiriko merkataritzari lotutako zenbait zerbitzuri zuzendua dago laguntza, haien establezimenduak modernizatzeko. Horretarako, eskaera egiten dutenek gutxienez 3.000 euroko inbertsioa eskatuko lukeen establezimenduko azpiegitura eta ekipamendua berritzeko proiektua izan behar dute, edo teknologia eta berrikuntza gehitzeko 1.000 euroko proiektua. Laguntza honen bidez proiektuek “kopuru onargarrien gaineko %40ko diru laguntza jasoko dute”, baldintza zehatz batzuetan %52raino iritsi daitekeelarik.
Dokumentazio guztia tramitazio elektronikorako aplikazioan aurkeztu beharko da 2025eko irailaren 30aren aurretik. Oarsoaldeko Garapen Agentziak laguntza eskura dezaketen establezimendu guztiak deitu ditu eskaera egitera, eta informazio gehiago lortu daiteke internet bidez.
