"Testigantza anonimo eta konfidentzialak argitaratzen ditut"
'No Publiques Mi Nombre' liburua egin du Cristina Fallaras Sanchezek. Instagram bidez ehunka emakumek kontatu dizkioten sexu indarkeria kasuen bilketa bat da liburua.

Cristina Fallaras Sanchez (Zaragoza, Espainia, 1968) kazetari eta idazleak No publiques mi nombre liburua argitaratu du ehunka emakumek harekin partekatu dituzten sexu abusuak bilduta. Nerea Barjola politologo, idazle eta ikertzailea izan du Fallarasek bidelagun proiektuan, eta Oiartzunen hilaren 23an egingo den Isiltasunarekin apurtzen mahai-inguruan izango dira biak.
Zerk bultzatu zaitu liburu hau argitaratzera?
2018an hasi eta bultzatu nuen 60 herrialdetan milioika erantzun izan zituen Cuéntalo kanpaina, baina 2023ko abuztuan, Luis Rubialesek Jenny Hermosori egindako erasoaren ondorioz, erabaki nuen hitz egiteko aukera izan behar genuela emakumeok. Konturatu nintzen emakume batzuk ez zituztela jasandako erasoak kontatzen kontatzen hutsak berriro biktimizatzea, seinalatzea eta zigortzea zekarrelako.
Hau da, pentsatu nuen guztion artean egin genezakeela memoria kolektibo bat, kontakizun kolektibo bat, baina lekukotzen izenik eman gabe. Horretarako nire Instagram kontua jarri nuen, eta emakumeak euren testigantzak niri bidaltzen hasi ziren, haien izena ez argitaratzeko eskatuz. Hortik dator liburuaren izenburua.
2024ko martxoan, hasi eta hilabete batzuetara, Metak kontua itxi zidan funtzionamendu arauak hausten nituela esanez, eta berriro ireki zidan handik denbora batera, baina konturatu nintzen oso espazio zaurgarria zela. Bestalde, konturatu nintzen espazio hori Instagram zuten emakumeei mugatuta zegoela, eta beste urrats bat eman behar nuela lekukotasun horiek ikusarazteko.
Konturatu nintzen emakume askok ez dutela sare sozialik ez dutelako nahi, ez dakitelako edota ezin dutelako, eta iruditzen zait artxiborik ezagunena, erabilerrazena eta suntsitzeko aukera gutxien dituena liburu bat dela. Argitaletxeak emandako espazioan sartzen diren testigantzak hartu eta liburu batera pasa nituen. Ez ditut gehiago sartu ez direlako kabitzen.
Zenbat testigantza daude liburuan?
Liburuak ditudan 1500 lekukotza baino gehiagotik 800 lekukotza inguru biltzen ditu; askok indarkeria matxistaren bi edo hiru testigantza ematen dituzte, zehazki, sexu indarkeriarenak. Ez nuen inolako irizpiderik jarraitu; ezin dira testigantzak aukeratu, aukeraketa bat eginez gero argazkia aldatzen baita.
Orduan, Instagrami eskatu nion ordura arte nituen testigantzak deskarga zitzala, eta deskargatu zituten lehenak jarri genituen liburuan; ez nuen ordena ez ezer landu. Uneren batean haurtzaroko sexu erasoengatik, laneko sexu erasoengatik eta abarrengatik ordenatzeko aukera proposatu zidan argitaletxeak, baina hori egitea argazkia aldatzea zen. Emakumeen testigantzak zer diren erakutsi nahi badugu, ez dugu horietan esku hartu behar.
Zein izan da erronka handiena? Pentsatu duzu inoiz proiektua bertan behera uztea?
Ez, inoiz ez. Erronka handiena ezkerretik eta feminismoaren sektore batzuetatik egin dizkidaten kritikei aurre egitea izan da. Baina, badakit zer egiten dudan, eta uste dut emakumeek bizi izan dituzten sexu indarkeriak kontatzeko eta memoria kolektiboa sortzeko bide bat sortzeak bide hori ez uzteko erronka duela.
Behin horretan sartuta, jarraitu egin behar dut, eta nola aldatu behar dudan ikusi horrek modu autonomoan funtziona dezan mezu guztiek nire eskuetatik pasatu behar izan gabe. Izan ere, 2023ko abuztutik aurrera argitaratu ditudan mezu guztiak nigandik pasa dira, nik desidentifikatzen baititut. Horrek, nahitaez, karga emozional handia dakar.
Nola orekatu duzu entzule izatea eta aldi berean bozgorailu izatea?
Nire papera oso argi dago hasieratik. Ez dut ezer aldatzen; testigantza anonimoak eta konfidentzialak argitaratzen ditut. Hori argi utzi behar da, ezkerreko eta feminismoko egunkari askotan salaketa anonimoak argitaratzea leporatu baitzidaten. Ez dira salaketak eta ez dira anonimoak ere. Testigantzak dira hor ez delako inor salatzen. Eta, ez dira anonimoak, konfidentzialak baizik.
Eta diot ez direla anonimoak nik emakume horietako bakoitza ezagutzeaz gain, harengana jotzen dudalako, eskerrak ematen dizkiodalako eta abar. Nik harremana daukat argitaratu ditudan milaka emakumeetako bakoitzarekin.
Nire lana testigantzak jaso, anonimizatu eta sareetan zintzilikatzea da. Batzuek laguntza eskatzen didate, eta horretarako daukat zerrenda bat genero ikuspegia duten abokatu batzuekin, abokatu feministekin, kazetariekin eta terapeuta batzuen izenekin. Legearen zerikusia duen laguntza eskatzen didanari abokatuen zerrenda pasatzen diot, eta komunikabideetan bere kasua ezagutarazteko laguntza eskatzen didanari kazetarien zerrenda pasatzen diot. Nik ez dut besterik egiten. Ez dut aukeratzen, ez dut hautatzen eta ez dut agintzen. Iristen zaizkidan heinean zintzilikatzen ditut.
Batzuetan horrenbeste testigantza iristen zaizkit ez dudala denborarik izaten denak irakurtzeko. Milaka ditut oraindik irakurtzeke, baina ezin dut ezer egin; bakarrik egiten dut lana. Liburuaren testuen edizioa, baina, Andrea Aldana kazetariak egin du.
Nola idazten dizute emakumeek?
Iruditzen zait mundu guztiak jarri duela arreta metodoan; ez moduan. Iñigo Errejonekin zalaparta handia sortu zen, baina ez dira interesatu emakumeez ezta euren kontakizunez ere. Alabaina, nire ustez, idazten dutenen hizkuntzari begiratu behar zaio, nola adierazten diren, nolako jariakortasuna duten eta zein segurtasunekin kontatzen duten. Hitzaldi baterako jakin behar nuen behin testigantza argitaratu ondoren zenbat emakumek eskatzen didaten berau ezabatzeko, eta ez da ehuneko batera ere iriste. Ehuneko zero koma piko da.
Emakumeek badakite zer idatzi nahi duten: idazten dute, argitaratzen dute, argitaratuta ikusten dute eta eskerrak ematen dizkidate. Argitalpen horien ondorioz loturak ezartzen dituzte haien artean. Horrelako gaiek ez dute interesik izan, eta, nire ustez, hori da interesgarriena. Baina, tira, liburu honi buruz begirada patriarkal basati bat egon da.
Pentsatu duzu beste liburu bat osatzea edo bestelako proiekturen bat egitea?
Bai. Tresna digital bat egiten saiatzen ari naiz, emakumeek sare sozialetatik haratago beren testigantza segurtasunez kontatzeko eta haien artean loturak ezartzeko aukera izan dezaten.
Zein da liburuaren funtzioa? Zer sentiarazi nahi diozu liburua irakurtzen duen horri?
Emakume askok idazten didate liburua irakurri ondoren. Mugimendu honek emakumeen artean identifikazio mekanismoak sortzean datza.
Lekukotza asko horrelako esaldiekin hasten dira: “Lehengoz idazten dut hau ez nuelako indarkeria gisa sailkatuta”; “oroitzapen bat desblokeatu dut”; “beste testigantza batzuk irakurri ditudalako animatu naiz idaztera”.
Emakumeen testigantzek identifikazio mekanismoak sortzen ditu besteengan elkarri begiratzeko eta jasan ditugun indarkeriak ezagutzeko. Ideia bat egin dezazun: nik urte asko daramatzat terapian, eta asko landu dut gaia. Argi nituen nire bizitzan jasandako hainbat bortxaketa; ez dira gutxi, askotan bortxatu bainaute. Emakumeen testigantzak irakurrita, atzeman gabe nituen beste lau bortxaketa detektatu ditut ahaztuta nituelako edota bortxaketa gisa sentitu ez nituelako. Eta hori niri gertatu bazait, berriz diot, terapian urteak eman ondoren, hamarkada bat baino gehiago, emakumeei gauza bera gertatzen zaie.
Instagram kontua itxi zizutela aipatu duzu. Nola bizi izan duzu hori? Zeren seinale da?
Hiru aldiz itxi didate. Sare sozialez ari garenean benetako arrazoia zein den ezin da jakin. Hasieran esan zidaten nire kontuaren salaketa masiboa izan zitekeela, eta gero, argitaratu ezin den material gisa sailkatu zutela nire egitekoa. Hori gezurra da, nire lana homogeneoa baita. Ezin didate esan nire kontuak argitaratu ezin diren mezuak dituela jakin berri dutenik bi urte daramatzadanean mezu mota berdinak argitaratzen.
Dena den, kontua itxi zidaten lehen aldian alarmaz bizi izan nuen, ez bainituen testigantzak gordeta. Orduz geroztik testigantzak gordetzen ditut, eta aldian-aldian gorde egiten ditut, artxibatu, alegia, ezabatu ez daitezen. Instagrameko kontua itxiko balidate ere, testigantza horiek baditut. Uste dut erantzukizun bat dudala.
Nerea Barjolarekin egin duzu elkarlana liburuan. Barjola funtsezkoa da sexu indarkeriari buruzko azterlanetan. Nola sortu zen lankidetza hori?
Barjolaren lanaren miresle handia naiz. Niretzat Barjola erreferente handia da emakumeen aurkako indarkeria, batez ere ere gure aurkako sexu indarkeria, zer den eta nondik begiratu aztertzeko orduan. Kontuan izan behar dugu gizateriaren historian lehen aldiz ari garela emakumeok hitz egiten. Hori ez da inoiz gertatu.
Horrek aldatu egiten du orain arte genekien guztia, teorikoen eta Botere Judizialeko pertsonaien analisi abstraktua baitzen geneukana. Bat-batean gu gara kontatzen ari garenak. Barjolak horretan egiten duen lana apartekoa da.
Ni ez nau harritzen La Microfisica Sexista Del Poder Barjolaren liburua Estatu Batuetan irakurtzen aritzea. Harrigarria da.
Zer eman dio Barjolak proiektuari?
Nereak liburuari izaera zientifikoa ematen dio. Aukera ematen dio liburuari ikerketa elementu gisa begiratzeko, geure buruari begiratzeko ikertu behar ditugun datuak dauden leku gisa, eta Akademiak ikertu beharra izan dezan emakumeok indarkeriaz hitz egiten dugunean zertaz ari garen jakiteko.