"Txapa soinean eta hitza ezpainetan", Euskaraldiari ekin dio Lezok
Atzo, 19:00etan, Gurutze Santuaren plazan egin zuten Lezon Euskaraldia abiatzeko ekitaldia. Hilaren 25era arte iraungo du hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak.
Atzo, hilaren 15ean, hasi zen Euskaraldia Euskal Herri osoan, baita Lezon ere. Euskaraldiko batzordeak antolaturik, 19:00etan elkartu ziren lezoarrak Gurutze Santuaren plazan ekimenari hasiera emateko. Hilaren 25era arte hainbat jarduera antolatu dituzte hizkuntza ohiturak aldatzeko.
Patxi Intxaurrandieta eta Edurne Lizarazuk, Lezoko Euskaraldiko Hamaikako kideek, ariketaren garrantzia azpimarratu zuten: “hizkuntzari hauspoa emateko garaia da, ilusioa banatuz, erabileran jauzia ematekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta”. “Urrundik” etorri arren, oraindik lan asko egiteko prest daudela azpimarratu dute euskaltzaleek, “euskararen biziberritzeak mugimendua behar baitu”.
Herritarrak Euskaraldian parte hartzera deitu dituzte, “euskaradunon aldia hasten baita gaur”. Ahobizi txapa dutenek euskaraz dakiten guztiekin euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dute, baita euskaraz dakiten ez dakitenekin lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Belarriprestek, ordea, aldiro erabaki arren zein hizkuntza erabili, hari euskaraz hitz egiteko eskakizuna egiten dute. Baina, txapa “sinple” bat baino gehiago dela nabarmendu dute, “superbotereak” ematen baititu: “adorea ematen dizu, entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten zaituzte”.
Hurrengo egunetan “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” hitz egingo dute euskaraz Lezon, baina, Euskaraldia bukatu ostean ere ariketarekin jarraitzera animatu dituzte euskaltzaleak: “erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen”.
Bukatzeko, Malen Beristainek Irati Olaizolaren bertsoa kantatu zuen, “betiko euskaldun edo oraintxe hasi” denak lotsa alde batera utzi eta “euskara kalera ateratzera” animatuz.
Lezoko Euskaraldiko egitaraua
Hilak 16, ostirala
- 18:30ean, triki-poteoa.
Hilak 17, larunbata
- 12:30ean, Aiton-Amonen Bordatik, kantu jira. Gainera, Karlos Saldise plazan Lezokoak elkartearen paellada egingo da, eta han banatuko dituzte Euskaparate Lehiaketaren sariak.
Hilak 20, asteartea
- 18:30ean, Gurutze Santuaren plazan, euskara ikasleei omenaldia.
Hilak 21, asteazkena
- 18:15ean, Andreone Udal Liburutegian, Txantxangorria txantxate ipuin kontaketa Ixabel Agirresaroberen eskutik.
Hilak 23, ostirala
- 21:30ean, Ibaiondon, kantu afaria. Txartelak Tiñelun eta Txingurrin salgai.
Hilak 25, igandea
- 09:00etan, Gurutze Santuaren plazatik, mendi irteera 11 bide, 11 txoko, 11 euskal izen izenburupean. Ondoren, bazkari autogestionatua plazan, eta Imuntzo eta Belokirekin erromeria (17:00).
