Euskaparate lehiaketak baditu saridunak
Itziar Alvarez ile-apaindegiak irabazi du Euskaparate lehiaketako eskualdeko saria. Jardueraren hirugarren edizioa izan da aurtengoa.
Itziar Alvarez eta Leire Mazizior, Itziar Alvares ile-apaindegiaren atarian. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltokietako erakusleihoak nahiz establezimenduak apaintzeko lehiaketa antolatu dute hirugarrenez. Euskaraldiarekin lotuta dagoen jarduera da; baita urteko egun guztietan Oarsoaldeko lau udalek merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko gauzatzen duten Prezio berean, euskaraz! egitasmoarekin ere.
Amaitu da lehiaketan parte hartzeko epea, eta, berriki, epaimahaiak sari banaketa egin du. Gainera, nabarmendu dute Oarsoaldeak eskualde mailan “parte hartze ederra” izan duela.
Eskualdeko sari nagusia Errenteriako Itziar Alvarez ile-apaindegiak irabazi du “erakusleiho original eta konprometituagatik”. [Ikus goiko irudia].
Errenteriaren kasuan, Izan nutrizio zentroak lortu zuen saria.

June Ibarguren eta Alazne Mindegia Leire Mazizior zinegotziarekin.
Lezoko irabazlea, berriz, Taloka kafetegi-gozotegia izan da, eta saria Lezokoak merkatarien elkarteak antolatutako paellada herrikoian jaso zuen Edurne Mitxeok.

Edurne Mitxeo arduraduna eta Iker Salaberria euskara zinegotzia.
Oiartzunen, haatik, El Paso arropa dendako saria jaso zuten Ane Arbelaitz, Belen Arrieta eta Arhane Idoate dendako ordezkariek.

Arbelaitz, Arrieta eta Idoate Aiako Harria Gaztelumendi zinegotziarekin.
Pasaian, azkenik, Trintxerpen dagoen Naiu estetika zentroak jaso du saria.

Maite Martin, Laura Re euskara zinegotzia eta Mariluz Etzaniz Euskaraldiko antolakuntzako kidea.
Euskaraldiaren antolakuntzako kideek eta inplikatutako udaletako ordezkariek edizio honetan saltokien inplikazioa nabarmendu dute, baita erakusleihoen sormena ere, “euskara herritarrengana hurbiltzea lortu baitute, modu bisual eta hurbilean”.
