Altxorra zaintzeko sortu dute Ingurumen Taldea
Oiartzungo naturaren eta, oro har, ingurumenaren egoerak larrituta, Bazterrak Txukuntzen eta Ekotalde taldeetako kideek sortu dute Ingurumen Taldea. Igandean egingo dute ‘Natura aztertuz familian’ jardueraren bigarren saioa.

Elkarlana, sentsibilizazioa eta zaintza. Hiru hitz horiekin laburbildu daiteke Oiartzungo Ingurumen Taldeak martxoan abiatu duen proiektuaren egitekoa. Ibilbide laburra du oraindik taldeak, baina egiten dutena ez da ezer berria, aurretik herrian zeuden bi talderen batura baita Oiartzungo Ingurumen Taldea. Orotara hamar lagunek osatzen dute multzoa.
Bazterrak Txukuntzen taldeko kide izandakoak dira batzuk, Ekotaldekoak besteak, eta badira bi taldeetan egondakoak ere. Arrazoi batengatik edo beste batengatik bi taldeek geldialdi bat egin zuten eta, bidea berriz zehaztu eta findu dutenean elkartu egin dira denak. Hortaz, egitekoa ez da sobera aldatzen. “Daukaguna zaintzea eta ezagutzeaz gain, gure helburua da ohitura jasangarriago batzuk sortzea eta horiek oiartzuarroi txertatzea”, azaldu du Reyes Garaiar Oria Ingurumen Taldeko kideak.
Garaiar Bazterrak Txukuntzen taldeko kide ohia da, eta azaldu du kaleak “oso zikin” ikusten zituztelako hasi zutela batez ere euren egitekoa. Done Jakue bidea “txukun mantentzen” hasi ziren, baina herrian “plastiko eta zikinkeria asko” ikusten jarraitzen zuten. Gainera, konturatu ziren garbiketa egiten zuten egunean ondo geratzen zela gunea, baina hurrengo egunean berriro ere zikin zegoela. Halaber, gaineratu du arazoa ez zela bakarrik garbitzea, plastikoz eta hondakinez inguratutako gizarte batean bizi garela baizik.
Ingurumenaren zaintzan aritzeko helburuarekin elkartu dira bi taldeak, eta hori burutzeko zenbait ekintza lerro aurreikusi dituzte: kontserbazio eremuak babesten hastea eta kaltetutako puntuen identifikazioa zein zaintza bultzatzea; sentsibilizazio eta heziketaren bidez ohitura jasangarriak sustatu eta ingurumenarekiko harremana indartzea, eta, azkenik, komunitate sarea ehuntzea hausnarketa kolektiboa bultzatuz eta konponbideen inguruko lanketa burutuz.
Ezagutu, zaindu eta disfrutatu
Esan, eta baita egin ere. Natura aztertuz familian izeneko jarduera egin zuten lehenbizi martxoan, eta igandean (hilak 25) egingo dute ekitaldi bera Txarako basoan. Are, urtaro bakoitzean errepikatuko dute bisita herritarrek naturaren aldaketak azter ditzaten, eta, bide batez, zientziaren bidezko jakintza jaso dezaten. “Mendibilgo Txara parke bezala da ezaguna, baina baso bat da, eta hori pixkanaka inguratuta ari da geratzen”, arrazoitu du Garaiarrek jarduera.
Basora iritsi eta parte hartzaileek tentuz aztertuko dute ingurunea, hurrengo urtaroan zer alda daitekeen zehazte aldera. “Geologia arloa ere lantzen dugu; nik ez nekien gauza askorik, baina asko ikasi dut dagoeneko. Botanikari dagokionean aztarna geologiko interesgarriak ditugu, eta gauza horiek ezagutarazi eta zaintzea lortu nahi dugu”.
Oiartzun “altxor bat” da Ingurumen Taldekoentzat, eta sentimendu hori transmititu nahi diete gainerako bizilagunei. “Kontzienteki ingurumenarekin daukagun ezinegon hori nola bideratu da gure kezka nagusia. Oiartzun altxor bat da, eta ohitura jasangarri batzuk bultzatu behar ditugu hori zaintzeko. Honakoa da gure lelo nagusia: ezagutu, zaindu, disfrutatu”.
Taldea ez da mugatua; hortaz, inork taldeko kide izan nahi balu edota zalantzarik izango balu, mezu bat bidali beharko luke helbide honetara.
Igandeko jarduera 11:00etan da, eta Txarako parkeko zubian elkartuko dira. Plazak mugatuak direnez, izena eman behar da aldez aurretik.