Gipuzkoako Futbol Federazioaren urteroko gala, Landetxen
Luis Arconadak, Juan Luis Larreak, Jagoba Arrasatek eta Antiguoko KEk jasoko dituzte sariak ekainaren 6ko ekitaldian.

Oiartzun Kirol Elkartearen 50. urteurrena dela eta, Gipuzkoako Futbol Federazioak Landetxen ospatuko du bere urteroko gala ekainaren 6an, 19:00etan.
Ohi moduan zenbait sari banatuko dituzte ekitaldian, eta, besteak beste, Luis Arconada, Juan Luis Larrea, Jagoba Arrasate eta Antiguoko K.E. izango dira sarituak. Arconada futbolari mitikoak Gipuzkoako Futboleko Mitoaren saria jasoko du, eta, Larreak, berriz, urrezko intsignia.
Arconada Realarekin Liga eta Kopako txapeldun izan zen; Larrea, aldiz, federazioko presidente izan da 33 urtez.
Halaber, Arraste entrenatzailea Gipuzkoako futboleko baloreen hedapenagatik sarituko dute, eta, Futbol Mas Fundazioa, haatik, kirolean osasun mentala hobetzeko egindako lanagatik.
Azkenik, Antiguoko KEk 2024-25 denboraldiko klub onenaren saria jasoko du.
Antolatzaileek jakinarazi dute jaialdian denborali honetako areto futboleko zein futboleko kirolari nabarmenak sarituko dituztela.