Tiroak Lopenen, eta atxiloketak Altzatera jaisteko bide berriaren inguruan
Tiroak Ertzaintzak egin ditu airera Lopenen, ihesean ari zen ustezko droga trafikatzailea geldiarazteko.
Gertakaria izan den tokian Ertzaitza eta osasun arreta zerbitzuak.'eitb.eus' atariko bideo batetik ateratako irudia. Drogaren saleroskataren kontra Irunen abiatutako polizia operazio baten harira, Altzatera jaisteko bide berriaren inguruan gutxienez pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak eguerdian. Beste bi lagun ere atxilotuak izan dira. Pertsona horiek ihesean ziren, Irundik; HITZAk jakin ahal izan duenez, Irunen droga trafikoaren kontrako operazioa zabaldu du poliziak, eta horretatik ihesean zirenek istripua izan dute Altamirako biribilgunearen inguruan Ertzaintza segika zutela. Aurretik, Lopene auzoan, airera tiroak bota dituzte agenteek (beraz, hasierako informazioak gezurtatuz, ez da poliziaren eta ihesean zirenen arteko tiro trukerik izan) ihesean zebiltzanak geldiarazteko. Tiroz ez dela zauriturik izan azaldu du Herrizaingo Sailak.
Ez dituzte geldiarazi, baina aurrerago, Altamiran, istripua izan dute ihesean zebiltzanek han ertzainen dispositiboa zain zutelako. Altamirako biribilguneko kale-argi baten kontra jo du autoak. Ibilgailutik atera, eta ihesean lasterka jarraitu dute autoan zirenak, baina Altzateko etxebizitza berrietara jaisteko bide berriaren ondoan atxilotu dute horietako bat gutxienez.
Herrizaingo Sailaren arabera, operazioak zabalik jarraitzen du
